Martin Iraola Aterpera itzuli da
Martin Iraola margolariak ‘La mente activa’ erakusketa zabaldu du Aterpe tabernan
Aterpe tabernan erakusketa zabaldu du Martin Iraolak. La mente activa da erakusketaren izenburua. Kolore biziak eta irudi deigarriak uztartu ditu. Uztailaren 5era arte bisitatu ahal izango da.
Iraolarentzat ezaguna da Txomin Ferreirak gidatzen duen txokoa. 2019an beste erakusketa bat jarri zuen Aterpe tabernan. Egungo erakusketa duela lau urtekoaren jarraipena da. Bi aldeek gustura amaitu zutenez segida ematea erabaki dute.
Iraolak modu argian deskribatzen du artea ulertzeko duen modua: «Konposizio baterako gai bat aukeratzea gustatzen zait. Hainbat elementu aukeratzen ditut, eta, horretarako, hainbat formatutan biltzen ditut. Esaterako, argazkiak». Collagea ere egiten ditu. «Nire sorkuntzen arrazoiak askotarikoak izan daitezke, hala nola niretzat garrantzitsuak diren edo izan diren pertsonaiak, edo nolabaiteko interes kulturala izan dezaketen gure inguruko lekuak, nukleoak eta eraikuntzak».
La mente activa erakusketaren egileak transferentzien metodoa erabiltzen du pertsonen erretratuak sortzeko. Teknika honen bidez, aurrena irudia orri batean marrazten du eta gero mihisean kopiatzen du, tatuaje baten moduan. Oinarrizko marrak inprimatuta gelditzen dira eta horren gainean marraztu du.