Disko festa egingo dute bihar Legazpin, LGTBIQ+ eguna ospatzeko
Latxartegi parkean izango da, 22:00etik 24:00etara. Ostadarraren koloredun banderak ipinita daude hainbat udal eraikinetan.
Bihar ekainaren 28a da, LGTBIQ+ pertsonen sexu askapenaren aldeko nazioarteko eguna, eta Legazpin disko festa batekin ospatuko dute. Uztakale egitarauaren barruan kokatzen da disko festa, eta 22:00etatik 24:00era bitartean egingo dute Latxartegi parkean, Mikeltxi Dj-ak gidatuta.
Musikaz gain, ostadarraren koloreekin egindako eskumuturrekoak ere banatuko dituzte, eta horretaz Nerabeentzako Zerbitzuko gazteak arduratuko dira. Ekitaldi honek legazpiar guztiak sentsibilizatzeko eta sexu aniztasuna aldarrikatzeko xedea du.
Bestalde, aste osoan zehar udaletxeko fatxada ostadarraren kolorez argiztatuko da eta “Legazpin, sexu askapenaren alde” leloa daramaten banderak jarrita egongo dira hainbat udal eraikinetan, hala nola, udaletxeko balkoi nagusian, Bikuña kiroldegian, Kultur Etxean, Gizarte Zentroan eta Euskaltegian. Bandera horiek iaz egindakoak dira, Garagune eta Haztegi ikastolaren arteko elkarlanari esker. Eraikin horietan eskumuturrekoak ere banatuko dituzte.
Gizarte Ekintza, Gazteria eta Hezkuntzako udal zerbitzuek bultzatutako ekintza horietan parte hartzera animatu dute udaletik, «LGTBIQ+ kolektiboari babesa eskaintzeko eta, bizikidetza, errespetua, aniztasuna eta giza eskubideak sustatzeko» helburuarekin…