Euskara ikasteko garaian dirua ez da aitzakia Legazpin
Udalak hobariak eskaintzen ditu Udal Euskaltegiko matrikulan, eta diru laguntzak ematen dizkie herritik kanpo ikasten dutenei. Ikasturte berrirako izen-ematea zabalik dago.
Euskara ikasteko aitzakiarik ez dago, Legazpin behintzat. Udalak hobariak eskaintzen ditu Udal Euskaltegiko matrikulan, eta diru laguntza programa bat du martxan herritik kanpo euskara ikasten dutenei zuzenduta. Gainera, HABE erakundeak ere ematen ditu laguntzak.
Ikasturtea amaitu berria da, baina hurrengoari begira jarrita daude euskaltegietan. Legazpiko Udal Euskaltegian egin daiteke dagoeneko matrikula. Horretarako, Nafarroa kaleko eraikinera joan daiteke, 843 740 090 telefono zenbakira deitu edo mezu bat bidali euskaltegia@legazpi.eus helbidera.
Betiko eskaintza izango dute, eta A1, A2, B1, B2, C1 eta C2 mailetako ikastaroak eskainiko dituzte, baita maila horiek egiaztatzeko azterketak prestatzeko ikastaroak ere. Irailean ere egin ahal izango da matrikula, eta orduan osatuko dituzte taldeak, ikasleen premiak kontuan hartuta.
Irailean ere, Mintzalaguna egitasmoa jarriko dute berriz ere martxan, euskara ahoz praktikatzeko aukera ematen duten taldeen egitasmoa, alegia. Ikasturte amaiera ezin izan dute beste batzuetan bezala ospatu mintzalagunek, baina kurtso berria ekitaldi berezi batekin hasiko dute irailean.
Udalaren hobariak
herriko Udal Euskaltegian euskara ikasteagatik hainbat laguntza eskaintzen ditu Legazpiko Udalak. Langabetuek %60ko beherapena dute matrikulan, eta %10 gehiago ere bai, aurreko ikasturtean euskaltegiko ikasle izan badira. Bestalde, 65 urtetik gorakoek eta Espainiatik kanpo jaiotakoek %90eko beherapena dute. Gainontzekoek %40ko gutxiago ordaindu beharko dute, eta %10eko beherapena gehituko zaie matrikulan aurreko ikasturtean euskaltegian ibili badira.
HABEk, bere aldetik, B2 maila arte doan ikasteko aukera eskaintzen du, maila gaindituz gero, eta C1 mailatik gorako ikastaroak diruz laguntzen ditu, maila gaindituz gero.
Kanpoan ikasteagatik ere laguntzak
Legazpitik kanpo euskara ikasten dutenek ere badituzte diru laguntzak, udaleko Euskara Zerbitzuak ematen dituenak. Urriaren 31ra are eska daitezke.
Barnetegietara edo herritik kanpoko euskaltegietara joaten direnentzat dira laguntzak. Udako Euskal Unibertsitatera edo euskararen normalizazioarekin zerikusia duten bestelako ikastaroetara joaten direnentzako ere badira. Atal honetarako, udalak 1.000 euro jarri ditu.
Merkatariei eta enpresei ere ematen dizkie diru laguntzak udalak, errotuluetan, irudi korporatiboan eta webguneetan euskararen erabilera handitzeko. Programa honetarako 2.500 euro ditu jasota.
C1 mailako azterketarako ikastaro berezia
Legazpiko Udal Euskaltegiak ikastaro berezia emango du irailaren 4tik abenduaren 1era , C1 mailako azterketaren bigarren deialdiari begira. HABEren deialdi itxia gainditu ez dutenei zuzenduta dago.Ikastaroan parte hartzeko ezinbestekoa da 2022-2023 ikasturtean talde homologatu batean ibili izana.
Izena emateko, 843 740 090 zenbakira deitu behar da. Uztailaren 12a da azken eguna.