Frantziako Tourraren ondorioak Beasaingo zirkulazioan
Tourra pasatuko den errepideetan eta herritan zirkulazio mugak izango dira uztailaren 2an. Beasainen are eta handiagoa izango da eragina, uztailaren 2an 11:30etik 16:00etara ezingo delako autoz ibili; ezingo da herritik irten eta herrira sartu. Ekainaren 30ean ezingo da aparkatu Beasainen Tourra igaroko den kaleetan. Errepidea pasatzeko bi pasabide jarriko dituzte, geltokian eta Joan Iturralden.
Frantziako Tourrak ondorio ugari eragingo ditu uztailaren 2an Goierrin. Besteak beste, Udanatik Larraitzera arteko errepideetan eta herrietan zirkulazio mugak egongo dira.
Beasainen kasuan, Tourraren eragina nabarmenagoa izango da, igandean, uztailaren 2an, herritik ezin izango baita atera eta herrira ezingo baita sartu, 11:30etik 16:00ak aldera arte. Aitor Eskalante Udaltzainburuak eta Leire Artola alkateak xehetasunak eman dituzte prentsaurrekoan, Frantziako Tourraren “dimentsioa” azpimarratzeko, eta herritarrek “nola jokatu behar duten” jakinarazteko. “Ez da lasterketa pasatzen den unea bakarrik, lauzpabost orduan herrian hainbat eragin izango du”.
- Ibilbidea: Ihurretik Katetik sartuko da Beasainen. Igartza Oleta, Dolarea, Zapatari, Trenbide, Maitteko biribilgunea, Zaldizurreta eta Ezkiagatik Ordiziara joango da lasterketa. Ibilbide guztia hesituta egongo da.
- Ezin aparkatu. Eskalanteren esanetan, “kale guzti horietako ibilgailu guztiak kendu egin behar dira. Hori da daukagun arazo larrienetako bat. Guztira ia 400 auto dira eta denak kendu behar dira ibilbidetik. Zaborrontzi eta altzaritegi guztia ere kendu egin behar da. Hori eginda dago dagoeneko”. Ekainaren 30ean jarri dute autoak kentzen hasteko eguna.
- Aparkalekuak. Autoak aparkatzeko “alternatiba” Adifeko nasa, CAFeko aparkalekua, Estanda enpresa pareko aparkalekua dira.
- Zirkulazio itxita: 11:30etik 16:00etara.
- 11:30ean itxiko da errepidea. “Ordu horretatik aurrera kale guztiak trafikoari itxita egongo dira. Ezingo da Beasainera sartu, eta ezta Beasaindik irten ere. Gomendatzen da egun horretan kotxea ez hartzea. Edozein zalantza izanez gero, Udaltzaingoarekin harremanetan jartzea eskatzen da, eta ahal diren irtenbideak ematen saiatuko gara”.
- 12:40ean Tourreko publizitate karabana pasatuko da. Ordu horretatik aurrera, oinezkoek ere ezingo dute errepidea gurutzatu, karrera pasatu arte. Bi oinezko pasaleku egokituko dituzte: geltokian eta Joan Iturralden, anbulatoriora joateko bidegurutzean. “Udaltzainak egongo dira bertan eta beraien argibideak jarraitu behar dira”.
- 14:40ean pelotoia pasatuko da. Lasterketaren ondoren, “lan talde bat dago antolakuntzak jartzen dituen hesi eta seinale guztiak jasotzeko. Aurreikusten da 16:00ak alderako herriak normaltasuna berreskuratuko duela”.
- Osasun larrialdiren bat baldin badago, protokolo bat kudeatuko dute SOS Deiak-etik.
Artolaren esanetan, “guzti honekin ikusten da planifikazioa oso garrantzitsua dela”. Herritik irten eta herrira ezin sartu ahal izateko muga konpontzen behin eta berriz saiatu direla aitortu du Artolak. “Behin eta berriz eskatu dugu kiroldegi paretik Salbatore alderako errepidea erabiltzeko aukera izatea, baina ukatu egin digute”.