Beasain mapan jarriko duen proba
Gipuzkoako Foru Aldundiak Ehunmilak lasterketen ondarea goraipatu du. Leire Artola Beasaingo alkateak ere herriari eta eskualdeari "bizia" ematen dion ekintza dela azpimarratu du
Ehunmilak kirol probek Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza ekonomikoa izango dute beste urte batez. Turismo alorreko laguntza jasoko du, zehazki. Eta hori, Iker Goiria Turismo saileko zuzendariak nabarmendu bezala, Aldundiak kirol proba “oso gutxi” babesten dituela. “Ezaugarri espezifikoak dituztenak soilik”. Eta Ehunmilak zergatik bai? Bada, lasterketa asteburu bakarrean jokatu arren eragina urte osoan duelako. “Esan daiteke Behobia bat turistikoa dela. Bai, beno. Baina Behobia Donostia egitera ezin zara etorri hurrengo astean. Eta Goierrin antolatzen diren karrerak bai egin daitezkeela. Horrek egiten zaituzte berezi. Uztaileko lehen asteburuan etorriko diren pertsona guztiak baino korrikalari eta mendizale gehiago etorriko dira urtean zehar. Eta denok dakigu hauek zein estilotako turistak diren: ingurumenarekin errespetua duena, herriarekiko konpromisoa dutena, egun bat baino gehiago igarotzen dutenak…”
Ehunmilak trilogiaren aurkezpenean egin ditu adierazpenok. Leire Artola Beasaingo alkateak ere bide beretik hitz egin du: “Herriari bizia ematen dioten probak dira. Eta ez bakarrik Beasaini, baita ere Goierriri eta Gipuzkoari”. Artolak eta Goitiak, biek esan dute Ehunmilek Beasain mapan jartzeko balioko duela.
1.368tik 547 korrikalari atzerritik etorriko dira. Gehienak Espainiatik, Herrialde Katalanetatik eta Portugaldik datoz. Baina Frantziatik, Erresuma Batutik, Estatu Batuetatik, Mexikotik, Suediatik… ere etorriko dira. Denera, hemezortzi nazionalitateko lehiakideak elkartuko dira.
Balioak
Artolak gaineratu du “gure nortasuna indartzen” laguntzen duen probak direla. “Honen guztiaren dagoen boluntario sarea eta balio komunitarioa azpimarran jarri nahi ditut”. Antolakuntza taldea goraipatu du, “urte osoan lan egiteagatik”. Boluntarioentzako ere esker oneko hitzak izan ditu.