Dantzari helduen txanda da bihar
Sustraiak dantza taldeak ikasturte amaierako emanaldi ibiltaria egingo du, erdigunean. Mundu osoko musikak eta euskal dantza pausoak uztartu dituzte.
Hilaren 8an dantzari txikiek eta gaztetxoek egin zuten bezala, Sustraiak dantza taldeko helduek ikasturte amaierako emanaldia egingo dute bihar arratsaldean, kalean. Emanaldi ibiltaria izango da, gainera, eta 20:00etan hasita, Kale Nagusian, Nafarroa kalean Karibe Zaharra tabernaren parean eta Euskal Herria plazan egingo dute dantza, Goiz Deia bandako txistulariek lagunduta.
Ikuskizunak Mundutik Euskal Herrira du izenburua, eta bertan, mundu osoko musikak eta euskal dantzak uztartu dituzte. Hala, Queen, Amaral, Abba, The Pogues, Gabinete Caligari, Sex Pistols edo Rocio Jurado musika taldeen eta abeslarien doinuei jarraituz, zortzikoa, desafioa, arin-arina edo zinta dantza egingo dituzte dantzariek, ikuskizun paregabea eskainiz.
Kanpoko doinuekin dantza
Pandemiak gauza onak ere ekarri dituela dio Sustraiak taldeko kide den Jon Dorronsorok, eta horietako bat ikuskizunak kalera ateratzea izan da. Azken urteetan kalean egin dituzte ikasturte amaierako emanaldiak, eta horien arrakasta ikusita, aurten ere hala egitea erabaki dute. «Kalean askoz ere lasaiago gaude dantzariok, eskenatoki batean baino», aitortu du Dorronsorok.
Biharko ikuskizuna iazkoaren antzekoa izango dela ere azaldu du. «Iaz, euskal abestiak hartu genituen, eta betiko dantzak erantsi genizkien». Aurten, kanpoko doinuak aukeratu dituzte. «Azken urte hauetan ikasketak burutzera kanpora joan diren taldekideek herrialde ezberdinetan ezagututako kantekin dantzatzeko erronka bota digute. Biharkoa da gure erantzuna».
Mundutik Euskal Herrira ikuskizunean 40tik gora dantzarik parte hartuko dute, eta emanaldia Uztakale egitarauaren barruan kokatzen da.
Irailean, haurren ikastaroetarako izen-ematea
Hurrengo ikasturtea prestatzen hasiak dira Sustraiak dantza taldekoak, eta finkatu dituzte haurren ikastaroetarako izenak emateko egunak. Irailaren 4a eta 5a izango dira, eta orduak, 18:00etatik 19:00etara. Posta elektroniko bidez ere egin ahal izango da izen-ematea: sustraiakdt@gmail.com.Kurtso berrian 4 urtetik gorako haurrak onartuko dituzte. Adinaren arabera, hiru talde sortuko dituzte: lehen taldea, 2019 eta 2018an jaiotako umeena izango da, eta klaseak asteazkenetan izango dira (17:00-18:00). Bigarren taldea 2017, 2016, 2015 eta 2014ko haurrena izango da, eta entseguak astelehen, astearte eta ostegunetan izango dira (17:00-18:00). Hirugarren taldea, 2013, 2012, 2011 eta 2010ekoena izango da, eta klaseak astelehen, astearte eta ostegunetan izango dira, (18:00-19:00). Azkenik, txapelketan arituko diren dantzarien saioak ostiraletan izango dira.