Tourra dela eta Segurako kaskoa itxita egongo da, ordu batzuez, igandean
Dagoeneko jakina den bezala, Tourrak, Goierriko beste herri batzuez gain, Segura ere alderik alde zeharkatuko du igandean. Zalantzarik gabe, lasterketak segurarren egunerokoan eragina izango du eta hori dela eta, udalak ordutegi eta informazio zehaztua zabaldu du herritarren artean.
Tourra Zeraindik barrena sartuko da Seguran, eta handik Beasain aldera joko du. Lasterketa herrietatik barrena pasako da, ez autobiatik. Zubiberritik gora sartuko da lasterketa, eta baita aurreko karabana ere, Segurako kaskora, Kale Nagusitik pasa ondoren, Madalenatik ateratzeko. Hala, Tour-a pasatuko den bidea «11:30etik 15:45era arte itxita egongo da». Tarte horretan, herritik ateratzeko modu bakarrak, «Itturriberritik Idiazabal aldera era Zubiberritik Zegamara eta handik Etzegaratera izango dira».
Kale Nagusian ikuslerik ez
Karabana «12:45 aldera pasatuko da Seguratik, eta txirrindulariak 14:33 eta 14:45 bitartean». Karabana eta txirrindularien artean antolakuntzako ibilgailuak pasatuko dira. Kale Nagusian ezingo da ikuslerik egon eta ibilbide guztian arduradunak egongo dira zaintza lanak egiten. Amaitzeko lasterketaz gozatzera eta balkoietan ikurrinak jartzera gonbidatu dituzte segurarrak. Edozein larrialdi sortuz gero, 112ra deitu daiteke.