Dureza de Dortmund eta La Patrulla, Legazpiko Futbol-7ko final handirako prest
Bihar goizean dira azken partidak, Irene Paredes futbol zelaian. Shalkete Meto eta Tzelzi taldeak hirugarren eta laugarren postuetarako lehian izango dira. Azokan bazkaria eta festa izango dira ondoren.
Bihar amaituko da Legazpiko futbol-zazpi txapelketaren 15. edizioa, Dureza de Dortmund taldeak eta iazko irabazlea izan zen La Patrulla taldeak Irene Paredes futbol zelaian 12:30ean jokatuko duten final handiarekin. Ordu bete lehenago beste partida bat jokatuko dute Shalkete Meto eta Tzeltzi taldeek, hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko.
Aurreko edizioetan bezala, bi partidatarako jendez beteko da futbol zelaia eta festa giroa nagusiko da kirol gune osoan.
Finala erabaki eta sariak banatu ondoren, Azokan jarraituko du festak. Han elkartuko dira bazkaltzeko txapelketan parte hartu duten jokalariak eta horien lagunak. Aurtengoa ere, urteko futbol festarik handiena izango da biharkoa Legazpin.
500 jokalaritik gora
Futbol-7 txapelketa maiatzaren 20an hasi zen, eta orduz geroztik, astebururo izan dira partidak futbol zelaian, kanporaketak, final zortzirenak, final laurdenak eta final erdiak jokatu bitartean. San Joaneko asteburuan erabaki dira finalistak.
Aurten 33 taldek parte hartu dute txapelketan, 16 urtetik gorako 500dik gora futbolariz osatutakoak, neskak zein mutilak. Legazpiko Gazte Asanbladak antolatu du berriz ere.
Biharko festa handia
Biharko festa goizean hasiko da. Futbol zelaia 10:30ean irekiko dute, eta 11:00etan eta 12:30ean jokatu dira bi partidak. Horien artean, eta Ilinti merkatari elkarteak antolatuta, Lintxori penaltiak botatzeko aukera izango dute gaztetxoek, joan den urtean eta aurreko asteburuan bezala. Partaideen artean baloiak zozkatuko dituzte.
Txapelketa erabaki eta gero, sariak entregatuko dituzte futbol zelaian bertan. Azokako bazkaria 15:00etan hasiko da. Bazkarirako 510 pertsona daude izena emanda, «berriz ere arrakasta hutsa izan da», antolatzaileen esanetan.
Bazkalondoa Xaukena elektrotxarangak alaituko du Azokan bertan, eta gero kalean, «parranda pixka bat egiteko».
Sari ugari
Beste urteetan bazkalondoren entregatu izan dira txapelketako sariak, baina aurten futbol zelaian emango dituzte, finaleko partida amaitu eta berehala. Ohiko garaikurrak egongo dira, eta sari berezi bat ere bai irabazleentzat: afaria Aitxuri jatetxean.
Jokalari onenarentzako saria ere egongo da, neska onenarentzat bat eta mutil onenarentzat beste bat. Goleatzaile handienarentzat ere izango da saria, eta jokalari beteranoenak ere jasoko du aitortza.
Bestetik, egun osoan zehar errifak salduko dituzte antolatzaileek, datorren urteko txapelketarako dirua biltzeko asmoz.