Etorkizuneko Gipuzkoa marrazteko GI2030 festibala, Zegaman
Agenda 2030ak dituen etorkizuneko erronkei erantzuna ematea du helburu. Lehenengo jardunaldia, bihar izango da Zegaman. Unibertsitateko kultura campusetik haratago zabaldu nahi da.
Gipuzkoako Foru Aldundiak Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean sustatutako Gi2030 festibalaren lehendabiziko edizioa ospatuko da aurten. Bihar, Zegaman izango da lehenengo jardunaldia; eta uztailaren 8an, bigarrena, Itziarren (Deba). Agenda 2030ak etorkizunerako planteatzen dituen erronkei aurre egiteko, herritarrekin eta gizarte eragileekin batera, lurraldearen ikuspegi partekatu bat osatzea da ekimen honen helburu nagusia.
Gipuzkoa Irudikatuz 2030 (GI2030) proiektuaren bitartez, unibertsitate-kulturari eta lankidetza publiko-komunitarioari buruzko hausnarketa esparru akademikotik haratago zabaldu nahi da. Baita, Gipuzkoaren etorkizuna irudikatzeko ikaskuntza kolektiborako esperientzietan oinarritutako espazio atsegin bat sustatzea ere.
Campusetik haratago
Antonio Casado, GI2030eko ikertzaileak dio, lurraldearen ikuspegi partekatua sortzea «prozesu konplexua» dela. Hala, «EHU Kultura programaren barruan, festibala aukera berri bat da 2030erako irudikatzen dugun Gipuzkoari buruzko elkarrizketak hasteko», gehitu du.
Festibalaren lehen jardunaldiari bihar emango diote hasiera Zegaman. 17:00etatik 20:00etara antolatu dute egitaraua. Hasteko, Iñaki Zabaleta Gorrotxategi EHUko irakasleak Joxe Azurmendiren bizitzaz eta obraz hitz egingo du. Ondoren, Bitoriano Gandiagaren poemen edizio elebidun berria partekatuko dute, Aktiba taldeak Jakin Fundazioarekin elkarlanean egindakoa. Jardunaldiaren amaiera artistikoa Morau eta Beñardo musikarien eskutik etorriko da. Ardo (Gaztelupeko Hotsak, 2022) euren azken lana aurkeztuko dute Zegaman. Festibala doakoa da eta interesa duten guztiak daude bertara gonbidatuta.
Etorkizuna marraztuz
Bigarren saioa hurrengo astean izango da Itziarren. Verena Hammes ekintzaileak, Mari Luz Esteban EHUko irakasleak eta Uxue Pascual eta Maialen Velarde artistek parte hartuko dute etorkizuna irudikatu asmoz.