Goierri Tourrerako prest eta zain
Igandean igaroko da Frantziako Tourra, Udanatik Larraitzera. Gorka eta Ion Izagirre eta Alex Aranburu tartean izango dira. Bost orduan, errepideak itxita.
Mundu mailako kirol ekitaldi batek eta Frantziako Tourraren inguruan sortzen den zurrunbilo guztiak irentsiko dute asteburuan Goierri. Jarritako eguna iritsi da. Gasteiz-Donostia bigarren etapa (208,9km), eskualdean 34,2 kilometro korrituko dituzte txirrindulariek igandean, Udanatik sartu eta Larraiztik atera. 50 minutu izango dira erlojuz, baina bizialdi baterako oroitzapena eta lorratza utziko duena, 1977ko eta 1992ko pasaerek bezalaxe.
Edozerez gain, erakusleiho, aldarrikapen eta festarako ekitaldia izango da. Jendetza espero da errepide bazterretan, eta bereziki estimatuak izango dira Udanako, Aztiriko eta Larraizko igoerak. Ikusleen emanaren arabera, lehenago, gaur edo bihar bertan itxi dezake Ertzaintzak mendate horietara sarbidea.
Herri-kaskoak eta hiriguneak ere erdiz erdi zeharkatuko ditu Tourraren ikuskizunak. Zerain, Segura, Beasain, Ordizia eta Zaldibia lasterketarako prestatuak egongo dira ia esklusiboki, gaurtik aurrera. Zenbait sarrera-irteera ezingo dira erabili, eta leku batzuk isolatuta geratuko dira.
Hiru goierritar partaide
Kanpoan bakarrik ez, tropelean ere badu Goierrik interesik eta presentziarik. Hiru goierritar abiatuko dira bihar Bilbon Tourreko aukeratuen artean. Gorka Izagirrek (Ormaiztegi, 1987) hamargarren Tourra du, eta 18. itzuli handia. 2011n debutatu zuen lasterketa handian. Iaz, Parisko azken etaparen bezperan erretirarazi zuen taldeak, puntuen xerkan Ordiziako Klasikora iristeko. Itsusikeria haren ordainezko luzimendua izango du aurten.
Ion Izagirrek (Ormaiztegi, 1989) 9. Tourra eta 16. itzuli handia du. Cofidisekin, etaparen bat ehizatzen saiatuko da. Alex Aranburuk (Ezkio, 1995) hartu duen helburu berbera da. Bigarren Tourra izango du, 2021ekoaren ondotik. 74. postuan amaitu zuen orduan, Parisko Eliseo Zelaietan esprintean bere burua erakutsita 8. helmugaratuta.
Herenegun, bi goierritar gazteak aukeratu zituzten Euskal Herrirako aurkezpena egiteko, Bilbon. Atzo, Abando ibarrean izan ziren hirurak, taldeen eta Tourraren aurkezpen ofizialean.
Aurreneko hiru euskal etapak «gogorrak» direla aurreratu dute Ion Izagirrek eta Alex Aranburuk. «Etapa oso nerbiosoak eta zailak izango dira. Ikuskizun aldetik oso polita izango da, baina guretzat sufritzekoak eta arriskutsuak», gehitu du ezkiotarrak.
Hamaika ekimen
Tourraren pasaera dela eta, ekimen ugari antolatu dituzte kuadrillek, familiek eta eragileek. Ikurrinak errepidera ateratzeko eta leihoetan kokatzeko eskatu dute hainbat kolektibok.
GOIERRIKO ORDUTEGIAK
2.etapa (Gasteiz-Donostia), igandean
- Udana gaina (3.maila). 14:13
- Mirandaola. 14:18
- Aztiria gaina (4.maila). 14:22
- Ergoena (Mutiloa). 14:25
- Zerain. 14:30
- Segura. 14:33
- Idiazabal. 14:37
- Ihurre (Olaberria). 14:40
- Beasain. 14:42
- Ordizia. 14:46
- Zaldibia. 14:51
- Larraitz gaina. 14:59
*Batez besteko azkarrenarekin (45 km/h) kalkulatutako orduak
*Publizitate-karabana 2 ordu lehenago pasatuko da