Antzerkia gaur eta bihar, Uztakale programaren eskutik
Markeliñe taldeak 'Andante' lana antzeztuko du gaur Laubiden, eta bihar Hika eta Oinari taldeek dantza eta antzerkia uztartzen dituen 'Gazte' ikuskizuna eskainiko du Euskal Herria plazan.
Antzerkia da aste honetako protagonistetako bat Uztakale programan, eta gaur eta bihar antzezlan bana ikusteko aukera izango da Legazpin, Markeliñe taldearen Andante lana gaur Laubiden, eta Hika Teatroren eta Oinkari dantza taldearen Gazte bihar, Euskal Herria plazan. Bi ikuskizunak 19:00etan izango dira eta rguraldi txarrarekin Azokan eskainiko dituzte.
Markeliñe taldearen Andante antzezlan ibiltaria da, euskaraz, eta gazteei eta helduei zuzenduta dago. Mozorro antzerkia da, hitzik gabea eta umore zaindua duena. “Gure memoria historikoan bidaiatzen duen antzezlana” da, “modu poetikoan, hitzik gabe eta umore hunkigarri eta zaindu baten bidez, ahaztu behar ez genituzkeen istorioak” kontatzen dituena. Andante “kalean dabilen eta kalea paisaia artistiko bilakatzen duen ikuskizuna” da, “mozorro antzerkia”. Gogoeta, salaketa eta omenaldia iradokitzen ditu, kaleko ikus-entzuleekin konpartitzeko asmoz, baina, “beste ezer baino gehiago, hunkitu egiten duen antzezlana da”.
Antzerkia eta dantza uztartzen dituen lana da, berriz, bihar Hikak eta Oinkarik elkarrekin eskainiko dutena. “Kaleko dantza ikuskizun gaztea, gazteekin egina, gazteak mintzo eta mintzagai erakusten dituena, eta publiko orori zuzendua dagoena” da Gazte. Ikuskizunak euskal dantza du abiapuntu, eta dantza garaikidea eta garaiko dantza modernoak eta gorputz mugimendua uztartzen ditu, ahotsari eta testuari ere tokia utzita. Musika aldetik ere, berrikuntzari ateak irekitzen dizkio, baina euskal folkloreko doinuei muzinik egin gabe. Horrela, zuzenean entzungo diren erritmoek oinarri elektronikoa izango dute, hip hop kulturaren kutsu handiarekin eta elektronikak sortzen dituen giroekin lagunduta.