Balio anitzeko mendigunea
Parke natural izendatu zuten 1994an Aralar mendigunearen Gipuzkoako zatia. Balio natural zein sozial anitz edukitzeagatik jaso zuen izendapena. Egun, horiek babestea da erronka.
Aurten ere egin dute bat gizakiak eta naturak Aralarren. Neguko atsedenaldiaren ostean, mendiek eman diete ongietorria artzainei, abereei eta, tenperaturak goxatzearekin batera, mendira jo dutenei. Mende luzez aberastu dute elkar, baina, tartean, gorabeherak ere izan dituzte. Azken urteetan, gainera, mendiaren erabilpenak eta interesak dibertsifikatu dira. Horrek zenbait gatazka sortzea eragin du.
Mendigunearen Gipuzkoako zatia parke naturala da 1994. urtetik, eta 10.956 hektarea hartzen ditu. Aralarren eremua, ordea, parke naturalarena baino zabalagoa da. Nafarroako zatia ez dago parke natural gisa izendatuta, baina, Gipuzkoakoa bezalaxe, kontserbazio bereziko eremu da, eta Europako Natura 2000 sarearen parte ere bada.
Bi aldeetako larreak zein basoak inguruko herritarrek ustiatu dituzte urte luzez. Nafarroan, Aralarko Errege Saila izena hartzen du herritarren ustiapenerako eremu horrek, eta Aralarko Elkartean dauden hemeretzi udalerrik erabiltzen dute. Gipuzkoan, bestalde, Enirio-Aralar Mankomunitatea dago; 600 urte baino gehiagoko historia du, eta hamabost udalerrik administratzen dute.
Gipuzkoako zatia parke natural izendatzeko orduan zenbait helburu zehaztu zituzten. Horietan lehenengoa balio naturalen babesaren ingurukoa da. Iñaki Aizpuru botanikaria parke naturaleko zuzendari izan zen, eta, egun, Itsasondoko ordezkaria da mankomunitatean. Argi dauka Aralarrek zergatik duen horrenbesteko balio naturala: «Gizakiak zenbat eta gutxiago eragin, orduan eta aberatsagoa da ingurua. Amazonia zergatik da aberatsa? Jende gutxi bizi delako eta naturak bere funtzioa egiten duelako. Hemen, mendietan gertatzen da hori».
Erreporte osoa Berria.eus webgunean.