Legazpiko Gizarte Zentroan jarritako harrotasunaren bandera puskatu dute
Udalak gaitzetsi egin du ekintza hori, baita "beste edozein eraso homofobo" ere.
Ekainaren 28ko LGTBIQ+ pertsonen askapenaren nazioarteko egunarekin bat eginez Legazpiko Gizarte Zentroko fatxadan jarritako harrotasunaren banderaren aurkako erasoa izan da asteburuan. Astelehen goizean erditik zatitua agertu zen bandera, eta Legazpiko Udalak gaitzetsi egin ditu “bai ekintza hau bai beste edozein eraso homofobo”. Udalak “pertsonen bizitzaren, askatasunaren, duintasunaren eta herritartasun osoaren aurkako indarkeria mota guztiak erauzteko” konpromisoa du.
Legazpiko Udalak “LGTBIQ+ pertsonek jasaten duten diskriminazioa” gaitzetsi nahi du eta “sexu-orientazio eta genero identitatearen ondoriozko aurreiritzien aurka borrokatzeko konpromisoa” berretsi du. “Izan ere, pertsona guztientzako eskubide guztiak bermatzeko erantzukizuna dugu, eta zaindu behar dugu LGTBIQ bezalako kolektibo zaurgarrienek eskubide horiek izatea”.
Arrazoi horiengatik , aurreko astean zehar udaletxeko fatxada ostadarraren kolorez argiztatu zuen eta Legazpin, Sexu Askapenaren alde! leloa duten banderak jarri zituen bost udal eraikinetan, horien artean, Gizarte Zentroan.