168 km eta bizitza oso bat
Ehunmilak ultra trailak urteroko ibilbidea izango du: luzea eta gogorra. Uxue Fraile eta Irene Guembe, faborito emakumezkoetan. Gizonezkoetan, «inoizko lasterketarik irekiena».
David Cid Menor lazkaotarrak duela ia hamar urte lehiatu zuen lehen Ehunmilak ultra traila (EHM). Orduz geroztik, beti hartu du parte. Aurten ere irteera marran izango da. «Zer duen berezia errepikatzeko? Ez dakit. Egia esan, momentu txarretan beti galdu izan diot nire buruari ea zergatik eman dudan izana. Baina momentu txarrak bezala onak ere baditu. Bizitza oso bat da proba bakar batean».
Hala, azaro hasieran izen ematea zabaldu zutenerako prest zegoen Cid erronkara batzeko beste behin. «Oso polita da». Arantxa de la Fuente Hilario beasaindarra ere hor zegoen, nahiz eta iaz majo sufritu zuen. «Ez zitzaidan ondo atera eta erretiratu beharra izan nuen», aitortu du. Marimurumendi maratoia (MMM) eta Goierriko Bi Handiak (G2H) ultra traila eginda ditu eta Ehunmilak bukatu nahi du, hirukotea osatzeko. Markak akuilatuta, beste saiakera bat egingo du.
168 kilometroko eta 11.000 metroko desnibel positiboko odisea dute aurretik. Beasaingo plaza nagusitik abiatuko dira etzi, 18:00etan; Usurbera igoko dira aurrena. Aurten, gainera, bide berria izango dute, «asfalto gutxiago zapaltzeko»; Mandubiatik barrena, Izazpira egingo dute, Zumarraga eta Urretxura jaisteko; Irimotik Urola bailarara igaroko dira; Zelatun gainditu eta Tolosaldera pasako dira.
Tolosako anoa-gunea Beotibarren
Hemen egongo da hamabigarren edizioko beste aldaketa bat: Usabal kiroldegiko langileak greban daude eta Beotibar frontoian izango da anoa postua; hortik aurrerakoa, Goierriko Bi Handietako ibilbide bera da: Txindoki, Etzegarate eta Aizkorri. Oazurtzatik Zegamarako zatia ere berritasuna da, iaz egindako aldaketa «egokitu» eta «hobetu» egin dutelako; Zegamatik Mutiloara joango dira eta Mutiloatik, berriz ere, Beasainera.
Ibilbidearen luzeraz eta gogortasunaz gain, presa ere izango dute. Erlojuaren aurka lehiatu beharko dute. Bederatzi tarteko helmuga izango dituzte –Zumarraga eta Urretxu, Azpeitia, Tolosa, Amezketa, Txindoki, Lizarrusti, Etxegarate, San Adrian, Oazurtza– eta denbora jakin baten azpitik pasa beharko dute. Lortu ezean, kaleratuak izango dira. Beasaingo helmugara, esaterako, 48 orduren barruran itzuli beharko dute.
Errekordunik ez irteeran
Aurreneko korrikalarientzat kronometroa ez da arazo izango. Jon Aizpuru beasaindarrarena da gizonezkoen artean denborarik azkarrena: 22.21.54. 2019ko edizioan lortu zuen. Javi Dominguezek 23.04.06ean gelditu zuen kontagailua iaz. Emakumezkoen kasuan, Ewa Majerrek du errekorra (27.41.47) eta iaz Elena Calvillo beasaindarra izan zen garailea, 28.53.28rekin.
Bakar batek ere ez du parte hartuko aurtengoan. Emakumezkoen artean Uxue Fraileren eta Irene Guemberen artean erabakiko da txapela ondo bidean. Frailek G2H irabazi zuen 2019an eta Guembek bigarren egin zuen iazko EHMn. Amaia Larreategi ere gertutik jarraitu beharreko korrikalaria izango da. Azken G2Hn hirugarren egin zuen eta aurten EHMra jauzi egin du. Gizonezkoetan antolatzaileek «inoizko lasterketarik irekiena» aurreikusi dute. Izenen bat nabarmentzekotan, Oscar Perez de Nanclares egin behar da. Iaz podiumean amaitu zuen.
Korrikalarien esanak
Bera da lehen hamarren artean amaitu zutenen artean errepikatzen duen bakarra, Cidekin batera. Halere, lazkaotarrak ez du bere burua garaipenerako lehian ikusten. «Helburua bukatzea da, ahalik eta gutxien sufrituta». Aukeran, bigarren gaua ekidin nahi du. Horretarako, 27 orduren bueltan bukatu beharko du. «Denbora nahiko ona da, halere. Baina bigarren gaua oso gogorra da». Fisikoki baino, psikologikoki. «Etxegaratetik aurrerakoa oso gogorra da, baina bukaera gertu ikusten duzu eta bazoaz aurrera. Baina gauak harrapatzen bazaitu, ilunpetan, pilatutako nekearekin, ordu asko bakarrik… burua galtzen duzu». Gakoa, hanketan baino, tripetan egongo dela dio. «Jan dezakezun bitartean, ondo, indarra ematen diozulako gorputzari».
«Momentu txarretan beti galdu diot nire buruari ea zergatik eman dudan izana»
«Momentu onak ere baditu. Bizitza oso bat da proba bakar batean»
David Cid Menor. Mendi lasterkaria«Marimurumendi eta Goierriko Bi Handiak baditut. Ehunmilak falta zaizkit»
«Bukatzea da helburua. Hirukotea osatu nahi dut eta horren bila noa»
Arantxa de la Fuente Hilario. Mendi lasterkaria
De la Fuentek ere bat egin du. «Estomagoa da nire punturik ahulena». Elikadura ere landu du entrenamenduetan, baina lehia desberdina dela dio. «Niri urduritasunak asko eragiten dit eta horrek tripak nahasten dizkit. Orduan, digestioa zailagoa da, energia ez da behar bezala barneratzen eta arazoak hasten dira».
Bestelakoan, aurtengo prestaketa «askoz ere gogorragoa» egin du. «Entrenamendu luzeagoak egin ditut, mendi gehiago ikutu dut…». Goierritarra izanik, hemengo mendietan entrenatu da: Aralarren, Aizkorrin… Horrela, probako bideak are ezagunagoak izango ditu.. Berak ere bukatzea du du helburu, Ehunmiletako trilogia osatzeko. «Horren bila noa».
Cidek ez du prestaketa berezirik egin. «Urte osoan egiten dut mendian korrika eta horrekin noa». Gainera, aita izan berri da eta denbora gutxirekin dabilela kontatu du. «Ezin ditut oso entrenamendu luzeak egin. Aurten egin dudan luzeena bost ordukoa izan da, pentsa. Konstantea naiz, hori bai». Lazkaotarrak ere inguruan entrenatzen du, etxetik korrika irtenda. «Denbora gutxi izanda eta kotxean ordubete egin behar badut, ez dit merezi».
Taldeka, dozena bat
Bakardadeari aurre nola egin lantzea ere zaila dela diote biek, naiz eta beraientzat arazoa ez dela azpimarratu. Hasi besterik ez dira egiten tropelean, bakoitzak bere erritmoa hartzen duelako eta sakabanatuz joaten direlako.
Halere, batzuentzat bakardadez ez da existitu ere egiten, taldeka egiten dutelako. Aurten dozena bat talde izango dira. Hirukoteak dira eta tarteko helmugetatik zein Beasaingo helmugatik batera igaro behar dira. Sexu bereizketarik ez da egiten taldeak osatzerakoan. Iaz 28.30.35 denboran bukatu zuen La braña-Solorunners taldeak.