Amaitu da musukoaren derrigortasuna
Gaur sartu da indarrean musukoaren derrigortasuna kentzen duen legea.
2020. urtean ezarri ziren musukoa erabiltzea behartzen zuten legeak, eta gaur kendu da indarretik azkena: jada ez da derrigorrezkoa zentro soziosanitarioetan; ezta farmazietan ere. Aitzitik, ospitaletan gaixo larriak eta inmunodeprimituak dauden eremuetan, ebakuntza geletan eta zainketa intentsiboetako unitateetan derrigorrezkoa izaten jarraitzen du.
COVID-19 izurriaren olatu indartsuenak igarota ere, musukoa erabiltzea derrigorrezkoa izan da denbora luzez, nahiz eta pixkanaka legeak eta neurriak aldatzen joan diren. Espainiako Osasun Ministerioak ekainaren 23an erabaki zuen maskara derrigorrezkoa ez izatea, eta gaur sartu da indarrean lege berria, hartutako erabakia Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu ostean.
Otsailean hartu zuen Espainiako Gobernuak musukoaren inguruko azken erabakia: garraio publikoan beharrezkoa ez izatea. Erabaki horrek hegazkinei, trenei, autobusei eta metroei bezalako garraioei eragiten zien. Baita optika, ortopedia eta audio-protesi zentroei ere. Gaur, bertan behera geratu dira lege guztiak.