Aranak eta patatak, kolore gorrikoak protagonista
Eguraldiak ez du laguntzen, eta produktu berriak iristen ari badira ere, beste batzuk hondatzen doaz, tomatea kasu. Landare asko galdu da, eta jendea landare berria ari da erosten.
Eguraldiak oraindik udako itxura hartu ez badu ere, feriara urtaro honi zor zaizkien produktuak iristen ari dira. Oraingoan, kolore gorria dute berritasunek, patatena eta aranena, eta biek aramar jatorria, gainera.
Patata gorria Miren Jauregik izan du salgai. Garai batean baino gutxiago ereiten den mota da hori, baina aldi berean, gustuko dutenek saltzeko ez dutena. Jauregik zuriaren ondoan jarri du salgai, bi kasuetan kiloa 2 euroan. Uzta «polita» jasotzen ari direla aipatu du aramarrak, eta patata aleak tamaina onekoak direla.
Aramatik iritsi da baita ere aran gorria. Maite Jauregik zuen salgai, kiloa 3,8 euroan. Fruta gehiago ere saldu ditu: San Joan sagarra, indiar mahatsa, marrubiak…
Sagar kontuak aipatuta, Errezilgo Jose Antonio Aizpururen falta sumatzen dutenak badira, eta noiz etorriko den galdezka ari dira. Hala ere, sagarra non erosi badago, eta Gabiriako Jose Antonio Elosegiren postua ikusi besterik ez zegoen, San Joan sagarrez betetako kajakadak zituelako. Sagar urte ona datorrela esan du, eta berak hurrengoa errege sagarren erregina deiturikoa izango duela aurreratu du.
Produktu berri gehiago ere izan dira gaur goizean, lekak. Batetik, aire libreko leka zabala hasi da, eta bestetik, leka borobila edo leka frantsesa erosteko aukera ere izan da, Maria Jesus Oriaren postuan, berdea eta morea. Leka zabalak, betikoak, 6 eta 7 euro arteko prezioa egin du, eta borobilak, 5 euro.
Tomatea berriz landatzen
Tomate eskaintza, bestalde, geroz eta handiagoa da, baina oraindik negutegikoa da (kiloa 4 eta 7 euro artean dago). Kanpokoa jateko oraindik itxaron egin beharko da, egiten ari den eguraldi kaxkarrak ez duelako batere laguntzen. Landare asko galdu egin dira, eta jendea berriak erosten ari da, goizean landare saltzaileen postuetan ikusi den bezala. Eguzkia eta epeltasuna behar dira orain.
Ziza hori dezente
Perretxikoen atalean ere badu eragina eguraldiak, eta azken aste hauetan beherakada ari da nabaritzen eskaintzan. Hala ere, hemen inguruan ziza hori dezente bildu omen da, eta plaza barruan, Arantxa Lopetegiren eta Axun Etxeberriaren artean, sei kilo eskaini dituzte gaur.
Bestela, Lasarenak eta Barcinarenak gehituta, 130 kilo eskaini dituzte guztira (15-20 €). 160 ziza (12-38 €), 52 kilo onddo (18-30 €) eta 15 kilo gibelurdin (30 €) ere jarri dituzte salgai.