Beasainen EHUko Uda Ikastaroa egingo dute irailean
Irailaren 14an izango da. Etorkizuneko mugikortasuna izango dute hizpide. Goizean ikastaroa egingo dute zenbait aditurekin. Arratsaldean, berriz, herritarrentzako bideratutako saio irekia egingo dute.
EHUko Uda Ikastaroa bueltan izango da berriro ere Beasainen, Irailaren 14an. Gaur goizean egin dute ekimenaren aurkezpena Igartza Jauregian. Bertan izan dira Leire Artola Beasaingo alkatea, Itziar Alkorta EHUko Uda Ikastaroetako (UIK) zuzendari akademikoa eta Adur Ugartemendia Beasaingo Udaleko alkateorde eta Lurraldea Batzordeko Lehendakaria. Aurtengo ikastaroaren izenburua Biharko mugikortasunaren gakoak izango dela jakinarazi dute. Etorkizuneko mugikortasuna izango dute hizpide.
2019an hasi zuten ekimena eta alzheimerra izan zen gai nagusia. Pandemia zela eta geldialdi bat egin zuten eta 2022an itzuli zen berriro ere ikastaroa. Bigarren edizio horretan, mugikortasuna izan zuten hizpide. Oraingoan, pasa den edizioko gaiaren jarraipena egingo dute. Hala ere, berritasun nagusia izango da hiri mugikortasun jasangarrian jarriko dutela begirada. Hori izango da aurtengo erronka.
Ugartemendiak adierazi duenez, hirien diseinua “gakoa” da. Pandemiaren osteko “normaltasun berrian” trafiko ilarak eta kutsadura mailak pandemia aurreko zenbakietara bueltatzen ari dira. Horren aurrean, jakinarazi du “hiriek inoiz baina gehiago” behar dituztela “teknologia, negozio eredu eta kudeaketa sistema iraultzaileak”. Gaineratu du, Goierrin gai horren inguruko formakuntza “beharrezkoa” dela, mugikortasunak duen pisu “handia” kontuan hartuta. Are gehiago, munduan erreferente diren enpresak daudela eskualdean.
Bestalde, Ugartemendiak azpimarratu du klima aldaketa ere “jomugan” dagoen gai bat dela eta mugikortasunak “inpaktu handia” duela horretan. Orain dela gutxi bukatu dute Beasaingo energia eta klima aldaketaren aurkako plana, eta bertan ikusi dute beasaindarrek sortzen dituzten berotegi efektuko gasen %74 mugikortasunarekin lotuta daudela. Horrela, aurtengo ikastaroaren berritasuna, hirigintzaren perspektiba sartzea izango da, mugikortasunaren alorrean.
Ugartemendiak adierazi duenez, diseinatzen diren hiriek “inpaktu zuzena dute herritarren mugikortasun beharretan”. Horrek esan nahi du, mugikortasun adimentsu, elektriko, partekatu eta autonomoak duten potentziala erabiltzea “beharrezkoa” dela. Hala ere, azpimarratu du hori “ez dela nahikoa” eta “ezinbestekoa” izango dela “herritarren sentsibilizazioa eta ohitura aldaketa” ere.
Egitasmo honen helburuen artean daude honako hauek: Hirietako espazio publikoaren ezinbesteko transformazioaz hausnartzea, krisi klimatiko eta mugikortasun modu jasangarriagoen baldintzetara egokitzeko. Eskaripeko Mugikortasuna, Mugikortasun Partekatua edota Mugikortasuna Zerbitzu Bezala oinarritzat duten azken teknologien berri ematea. Landaguneetako mugikortasunaren erronketaz eztabaidatu eta aplikagarriak diren teknologiak azaltzea eta Euskadin mugikortasun adimentsu eta konektatua testatzeko martxan jarriko diren ekimen desberdinenak zabaltzea.
Egitaraua
Egun honetarako prestatutako programazioa bi zatitan banatuko dute. Goizean uda ikastaro bat egingo da, mugikortasun alorrean adituak diren zenbait irakaslerekin. Hau egiteko matrikulatzea beharrezkoa izango da, uik.eus helbidean. Arratsaldeko ekitaldia, berriz, irekia izango da. Herritarrentzako bideratutako saio pedagogikoa izango da. 15 minutuko hiria: herritarrak jomuga dituen hiri-plangintza eta mugikortasuna da bere izena. Euskaraz eta gazteleraz izango dira biak. Gainera, Igartza Jauregian aurrez aurre edo online bertsioan egiteko aukera izango da. Goizeko ekitaldirako tarifa orokorra 47 euro izango da. Hala ere, gazteek ikasle txartelarekin deskontua izango dute.