Ehunmiletako hirukoteko hamabigarren edizioa inoizko jendetsuena izango da
1.300 korrikalariren langa gainditu dute lehen aldiz. Proba nagusiko lehiakide kopuruak behera egin du baina G2Hn eta MMM hazi egin da. Ibilbidean aldaketa «txikiak» egin dituzte.
Ehunmiletako hirukotea urtetik urtera hazten ari da. Hamabigarren edizioan 1.300 korrikalariren langa gainditu da lehen aldiz. Egia da Ehunmilak ultra traileko (EHM) partaide kopuruak behera egin duela –23 korrikalari gutxiago irtengo dira aurten–, baina Goierriko Bi Handiak ultra trailak (G2H) eta Marimurumendi mendi maratoiak (MMM) izandako gorakadak balantzea positiboa bilakatu dute. Denera, 1.368 korrikalari lehiatuko dira.
2019ko edizioa hamarrekoa izan zen. Ez soilik hamargarrena zelako, ordura arteko partaidetza markak hobetu egin zirelako. Kopurutan eta kalitatean, errekorren urtea izan zelako. Pandemiak hazkundea errotik eten zuen, baina. 2020 eta 2021 urteetan ezin izan zen lasterketarik antolatu. Etenak nola eragingo zuen zalantza piztu zen, baina pandemiak ere ezin iza du mendian korrika lehiatzeko grinarekin. Iazko edizioan 2019ko kopuruak berdindu egin zituzten.
Aldaketa txikiak
Antolakuntzak dortsal gehiago eskaini behar izan ditu hazkundea bermatzeko. 350era hazi dute MMMko partaide kopurua eta 550era G2Hkoa. Bien kasuan dortsal guztiak 48 orduan bukatu ziren.
Ibilbidean hiru aldaketa egin dituzte. Ehunmilak lasterketari eragingo die bereziki. «Txikiak», Zubeldiaren arabera. Hasi bezain pronto, Usurberako igoera moldatu egin dute; Tolosan egin dute beste bat, antolakuntzaren eskumenetatik kanpo dagoen arrazoi batengatik. Beotibar frontoian egokitu dute anoa postua; eta hirugarrena, Oazurtzako anoa gunetik Zegamarako tartean egin dute. Ez galtzeko adi joateko eskatu die Andoni Zubeldia lasterketako zuzendariak korrikalariei, eta markak jarraitzeko.
Korrikalari guztiak geolokalizatuta egongo dira, dena dela. Horri esker, korrikalarien segurtasuna bermatzeaz gain, ehunmilak.com webgunean zuzeneko jarraipena egin ahalko da. Are, Larraitzera lasterketa ikustera joateko autobus linea berria egokitu dute aurtengorako. G2H proba hasi eta segidan, 23:15ean, Beasaingo plazaren goiko aldetik abiatuko da autobusa; 01:30ean eta 02:30ean egingo du itzulerakoa.
Eta segurtasuna ahalik eta handiena izateko Gurutze Gorriko boluntarioak, medikuak, erizainak, podologoak… etengabe lanean izango dira. Gainerako boluntarioentzako esker oneko hitzak izan ditu antolakuntzak, baita ere babesleentzako. Boluntarioen kamiseta grisa izango da, beso berdeekin.