Gaur hasiko da Goierriko X. Jazzaldia, Fredi Pelaezekin
Sugaar Tabernan kontzertu-hitzaldia eskainiko du musikari lazkaotarrak, 21:30ean. Larunbatera arte, jazz musikaz zuzenean gozatzeko aukera izango da.
Gaur hasiko da Goierriko Jazzaldiaren hamargarren edizioa. Urteurrena izanik, ohi baino egitarau zabalagoa antolatu du aurten Arama Jazz elkarte antolatzaileak. Egun bat gehitu diote jaialdiari. Hamar emanaldi eskainiko dituzte musikari ezberdinek gaurtik larunbatera bitartean. Gaurtik ostiralera, Ordizian izango dira kontzertuak, eta larunbatekoak, Araman. Fredi Pelaez musikari lazkaotarraren kontzertu-hitzaldiarekin hasiko da gaur Goierriko Jazzaldia.
Jazzaren istorio bat emanaldia eskainiko du Pelaezek Sugaar Tabernan, 21:30etik aurrera. Bakarkako kontzertu-hitzaldi «intimo eta goxoa» izango dela azaldu du antolakuntzak. Pianoa izango du ardatz, eta jazzaren sorreratik gaur egunerainoko ibilbidearen berri emango du, aldaketak, nahasketak edo fusioak musikaren bitartez erakutsita. Lau egun izango dituzte herritarrek jazz musikaz zuzenean gozatzeko aukera. Bihar, Nevermind Quartet-en kontzertua izango da 22:00etan, udaletxe azpian.
Ostiraleko lehenengo kontzertua Ordiziako Musika Eskolako musikari gazteek egingo dute, 18:30ean, Plaza Nagusian, eta ondoren, 20:00etan, plazan bertan, Arima Soul taldeak joko du. Burrunbazale txarangak kaleak alaituko ditu 21:15etik aurrera, eta ostirala amaitzeko, The Machetazo taldeak kontzertua eskainiko du Plaza Nagusian, 23:00etan.
Araman, lau kontzertu
Larunbatean, Aramara eramango dute jazz-a. JAC Electric galiziar abeslari eta gitarristaren emanaldia izango da plazan eguerdiko 13:00etan. Ritxi Salaberria eta Gorka Gaztanbiderekin batera osatutako hirukote berria aurkeztuko du. Arratsaldean parkera mugitu eta 19:00etan David Pastor tronpeta jolearen laukotearen emanaldia izango da. Besteak beste, Celia Cruzekin, Seguridad Socialeskin edo Presuntos Implicadosekin aritu da Pastor.
Jarraian, 21:00etan, Jessica Pina tronpeta jole, konpositore, instrumentista eta kantari portugaldarrak Vento Novo lan berria aurkeztuko du. Lehendabiziko aldiz bisitatuko du Euskal Herria. Asteburu luze borobilari amaiera emateko, DJ Jon Ritter ordiziarrak girotuko du Goierriko 10. Jazzaldiaren itxiera saioa.












