Helmuga geroz eta gertuago
154 emakume lehiatuko dira Ehunmiletako hirukotean. Inoizko kopuru handiena da. Eta ez da korrikalari gehiago izango direlako, ehunekoetan ere hazi egin delako nesken partaidetza. Mireia Trigueros federazioko teknikariek, eta Garazi Golmayo, Uxue Arrese eta Josune Aldanondo mendi korrikalariek hitz egin dute gaiaz.
Erabateko berdintasuna lortzeko bidea bai dela iraupen luzeko proba. Gizartea ari da urratsak ematen eta gertuago du bi generoen arteko oreka. Behintzat, kirol arloan. Ehunmilak lasterketetako lehen hiru sailkatuek, gizon zein emakume, sari berdina dute; eta lehiakide kopuruetan ere gertuago dago emakume kopurua erdia izateko marka.
154 emakume lehiatuko dira Ehunmiletako hirukotean. Inoizko kopuru handiena da. Eta ez da sekula baino korrikalari gehiagok hartuko dutelako parte, izan ere, emakumeen ehunekoa ere beste edozein ediziotan baino handiagoa izango delako. Hamar korrikalaritik bat emakumezkoa izango da.
«Oraindik, kopuru txikia da», azpimarratu du Mireia Trigueros Euskal Mendi Federazioko zuzendaritzako kideak. Baina bilakaera «positiboa» dela nabarmendu du. «Federazioak apustu garbia egin du berdintasuna lortzeko eta horren emaitza da. Mendian federatuak ere geroz eta gehiago dira eta ondorioak lehiaketetan ere nabaritzen hasi da». Hazkundeak geroz eta abiadura handiagoa hartuko duela seguru da, erreferenteak izateak esponentzialki haziko duelakoan joera. Trigueros parte hartuko duen 154 korrikalarietako bat izango da.
«Federazioak apustu egin du berdintasuna lortzeko eta horren emaitza da»
Mireia Trigueros. EMFko zuzendaritzako kidea«Korrika hasi nintzenean lau katu ginen. Orain harritu egiten zara»
Garazi Golmayo. Mendi korrikalaria
Korrikalarien iritziak
Garazi Golmayo Aiestaran zaldibiarra ere irteera marran izango da. Berak ere kontatu du urte gutxiren buruan hazkundea nabarmena izan dela. «Korrika hasi nintzenean, 2015ean, lau katu ginen; orain, 2023an, ikusten duzu zenbat garen eta harritu egiten zara».
Uxue Arrese Barandiaran eta Josune Aldanondo Iturbe beasaindarrak dira azken aldian lehiara batu diren gazteetako bi. Igoerak, alde batetik, ez ditu ezustean harrapatu. «Geroz eta neska gehiago ikusten dira korrika mendian. Bereziki, COVIDak eragindako itxialdia eta gero». Baina, bestalde, aitortu dute ez zutela espero halako proba batean ikustea igoera: «Goierri Kopan nabari den bezala, distantzia luzeko probetan nesken kopurua askoz ere txikiagoa da, handitzen ari den arren. Sorpresa handia da», esan du Arresek. Beraien lehen maratoia izango da.
«Distantzia luzeko probetan nesken kopurua askoz ere txikiagoa da»
Uxue Arrese. Mendi korrikalaria«Aurrera pausoak eman arren, rolek eta estereotipoek pisu handia dute oraindik»
Josune Aldanondo. Mendi korrikalaria
Kirola «betidanik» egin dutela kontatu duten arren, duela eta eta erdi inguru hasi ziren lehian. «Aurrera pausoak ematen ari garen arren, estereotipoek eta gizarteak ezarritako rolek pisu handia dute oraindik ere», kontatu du Aldanondok emakumeek lehiara jauzi egiteko duten zailtasun handienetako gisa. Trigueros bat dator: «emakumeak ez dira kirolera bideratzen, beste ardura batzuk ematen dizkigute. Zaintza lanak, esaterako». Golmayok nabardura bat egin du: «Uste dut lehiatu daitekeela ama izan eta gero ere, aitek egiten duten moduan». Geroz eta ohikoa dela gaineratu du, nahiz eta onartu duen errepikatzen den irudia dela mutila korrika eta neska, atzetik, botilero edo animatzaile lanak egiten; edota baita ere helmugan zain, haurrekin, proba seme-alabekin batera amaitzeko.
Arresek kontatu du beste zailtasunetako bat lotsa eta presioa direla. Hala, aipatu du elkarri animatu eta lagundu zirela lehian hasteko. «Betidanik gara lagunak, bioi gustatzen zaigu mendia eta asko ibiltzen ginen… elkarri proposatuta hasi ginen mendian korrika». «Neska izanda eta kopuru gutxi izanda, errazagoa da ezagun baten ondoan hastea», gaineratu du Aldanondok.
Golmayo baikorra da eta luze gabe erdiak gizonezkoak eta erdiak emakumezkoak izango diren probak izango direla dio. Triguerosek aipatu du lehenago asfaltoko edota proba laburragoetan lortuko dela parekidetasuna, baina mendiko trailetara ere iritsiko dela. Emakumezko erreferenteak izateak lagunduko duela aipatu du.
«Aurten zen urtea»
Arresek eta Aldanondok ez zuten zalantza egin. «Beasaindarrak eta kirol zaleak izanda karrerak gertutik jarraitzen genituen. Inbidia sentitu genuen iaz eta argi genuen aurten zela urtea», esan du Arresek.
Ehunmilak hirukoteko antolatzaileek ere txalotu egin dute emakumeen partaidetza. «Datu esanguratsua da. Berdintasunerako bidean aurrera goazela erakusten du halako lasterketetan emakume kopuruak gora egiteak», esan zuen Andoni Zubeldia Ehunmilak ultratrail probaren zuzendariak lasterketen aurkezpen ofiziala egin zutenean.