«Ibilbidea berez etapa desberdinetan eginda daukat lehendik»
Gorka Azkarate Tornerrek (Urretxu, 1977) lehenengo aldiz hartuko du parte Ehunmilak trilogiako lasterketarik luzeenean. Lanbide Heziketako irakaslea da ogibidez.
Zure lehenengo aldia al da Ehunmiletan?
Bai, ofizialki bai. Ibilbidea berez etapa desberdinetan eginda daukat lehendik, baina ofizialki parte hartuko dudan lehenengo aldia izango da.
Zergatik parte hartuko duzu?
Niretzako lasterketa honek daukan berezitasuna da nire mendiak hauek direla. Agian horrelako distantzia luze bateko lasterketa bat beste leku batean egiteak niretzako ez luke zentzurik izango, baina honek bai. Irimo, Izazpi… hauek nire mendiak dira, ia-ia tramo horretako harriak ere ezagutzen ditut. Ehunmilen hastapenetan [Mikel] Valdivielsok niri deitu zidan ibilbidea probatzeko, beraz badaukat lotura karrera honekin. Bere momentuan zatika probatu genuen ibilbidea.
Nola prestatu zara? Zer nolako entrenamenduak egin dituzu?
Egia esan ez dut plan programatu bat erabiltzen. Kirola egiten dut orokorrean, mendian dela, korrika, bizikleta… Gehienbat mendian ibiltzen naiz, eta hala definitzen dut nire burua: mendi ibiltari bezala. Sekula ez dut entrenatu orden batekin, eta oraingoan ere ez.
Baina hain distantzia luzea entrenatzeko beharko duzu gutxieneko jarraipen eta kontrol bat ezta?
Asteburuetan aprobetxatzen dut batez ere distantzia luzeagoak egiteko, nire kasa. Aurreko asteburuan adibidez 130 km egin nituen. 168 km egitera ez naiz inoiz iritsi, baina pentsatzen dut 130 egitera iritsi banaiz, bakarrik, inoren laguntzarik eta animorik gabe, 168km anoa puntuekin, jendearekin…. egingo ditudala. Jendearekin beti errazagoa da. Azkarrago pasatzen da denbora.
Mendia ezagutzea ere garrantzitsua izango da ezta?
Bai erabat. Nahiz eta bidea markatuta egoten den, mendia asko kontrolatu behar duzu. Kontua ez da track bat jarraitzen jakitea bakarrik, erreferentzia batzuk izatea ere ezinbestekoa da. Lehenago egonda egon behar duzu leku horretan. Ingurua ezagutzen ez baduzu gainera gauetan bereziki arriskutsua bihurtzen da.
Gorputzaz gain, burua ere entrenatu behar da.
Bai, esango nuke ia dena burua dela. Egongo dira momentu txarrak eta onak. Borroka handiena nire buruarekin daukat, ez beste lehiakideekin. Nire sentsazioen arabera egingo dut karrera hau. Ez daukat ordulariari begira joateko asmorik, nik beste era bateko lotura daukat mendiarekin.
«Borroka handiena nire buruarekin daukat, ez beste lehiakideekin»
«Bigarren gaua oso luze joateari diot beldurra. Ahalik eta ordu gehien kentzen saiatuko naiz gau horri»
Nola mantendu motibazioa ibilbide osoan zehar?
Lorpen txikiak eta meta txikiak egiten joatea da garrantzitsua lasterketa hauetan. Oraindik 120 km gelditzen bazaizkit ez dut pentsatuko falta zaidan distantzia horretan guztian, baizik eta hurrengo helburu txikian pentsatuko dut. Hurrengo kilometroetara iritsitakoan, datozenetan pentsatuko dut, eta horrela. Beti hurrengo helburu laburrean begia jarriz.
Bakarrik joango zaren momentu asko izango dira ibilbidean zehar, hori nola eramaten duzu?
Egunerokotasunean egiten ditudan ibilbideen %90 bakarrik egiten ditut, beraz nolabait esateko ohituta nago. Horrelako erronkak egiteko prest dagoen jendea aurkitzea ez da erraza. Gainera beste norbaitekin joanez gero, zaila da martxa berdina izatea, bestea ni baino hobeto edo okerrago ibiltzeko aukera dago. Lasterketan jende ezagunarekin elkartuko banaiz ere, kontziente naiz bakarrik egingo dudala. Anoa puntuak eta ibilbideko puntu zehatzak ere bereziki garrantzitsuak dira jendearen animoak jaso eta hain bakarrik ez sentitzeko.
Hain distantzia luzean, jateko, lo egiteko… tarterik hartzen al duzu?
Jatea da gakoa horrelako lasterketa batean. Hori bai, gero arazoak ere sor daitezke jaten duzun hori gorputzak ez badu ondo asimilatzen. Horri beldur pixka bat diot. Gertatu zait zerbait jan dudalako edo jan eta gero gorputzari gehiegi eskatu diodalako janari gehiagorik ez onartzea gorputzak, eta hori arriskutsua da. Horrelako distantzia luzeetan gorputzari erregaia eman behar zaio.
Ba al duzu bestelako beldurrik?
Bigarren gaua oso luze joateari diot beldurra. Ahalik eta ordu gehien kentzen saiatuko naiz gau horri. Bestela oso luzea egiten da.
Nola ikusten zara lasterketarako?
Ondo ikusten naiz, indartsu. Beldur pixka bat daukat ez ote naizen gehiegi ibili entrenatzen udaberri aldean, eta neguan ere bai, eskiatzen ibili bainaiz. Hala ere nik esango nuke ondo nagoela. Ahal dudan hoberena egitera joango naiz, nire sentsazioen arabera korrika egitera.
Lasterketa bukatu eta gero, zer izango da egingo duzun lehen gauza?
Asteartean hondartzara joango naiz seguruenik, egun batzuk lasai pasatzera.