Natura eta gizakia oreka bila
Aralarko mendigunean, gizakiak eta naturak elkar aberastu dute mende luzez. Azken urteetan, ordea, parke naturaleko interesak dibertsifikatu eta ugaritu egin dira. Horrek gizakien arteko konfrontazioa ekarri du, eta mendia bigarren planoan geratu da.
Familiatik datorkio artzaintzarako bokazioa Ixiar Altunari. Artzainak zituen bi osaba, eta, erretiratzean, erreleboa hartu die, anaiarekin batera. Altunak 26 urte ditu, eta Amezketan (Gipuzkoa) bizi da. Udan, ardiak Aralarrera igotzen dituzte, Latosa txabolara. 600 buru inguruko artaldea dute, eta esnea eta arkumeak saltzen dituzte.
«Bai» segurua erantzun du etorkizunean artzaintzan jarraituko ote duen galdetuta. Segundo batzuen buruan, baina, ahotsak dar-dar egin dio eta gehitu du: «Uzten diguten bitartean». Kostuen igoerak kinka larrian jarri du jada kolokan zegoen ofizioa: «Kostuak igo dira, eta produktua ez». Hori da sektorea galbidera daramana, artzainaren ustez: «Duen balioa ez ematea».
Iritzi berekoa da Uxue Artola abeltzaina: «Ez da kontuan hartzen abereak Aralarren estentsiboki hazi ditugula. Ez dira ukuiluan hazitakoen parekoak, baina merkatuarentzat bai». Artola Andoaingoa da jaiotzez (Gipuzkoa), baina Amezketan bizi da. Afizioz, zenbait abelburu zituen. Ama izan ostean, ordea, lanik gabe geratu, eta «afizioa, ofizio» bihurtzea erabaki zuen. Txerriekin eta behorrekin jarraitzeko asmoa du, baina, Altunak bezala, ñabardura bat gehitu du: «Egoera asko okertzen ez den bitartean».
Erreportaje osoa Berria.eus webgunean.