Rachel Therrien-ek eta The Soulanders-ek joko dute Bluestuntzan, hilaren 20an
Ordiziarrock Ekintzak-ek antolatutako Bluestuntza jaialdiaren 3. edizioa izango da. Rachel Therrien-ekin batera, Mikel Urretagoiena musikari ordiziarra ariko da baterian.
Bluestuntza musika jaialdiaren 3. edizioa antolatu du Ordiziarrock Ekintzak-eko taldeak. Uztailaren 20an izango da. Rachel Therrien tronpeta jotzaile ipar amerikarrak eta The Soulanders talde goierritarrak eskainiko dituzte emanaldiak. 18:30ean hasiko dira kontzertuak, Otatza plazan, Bustuntzan.
Rachel Therrien konpositore, musika ekoizle eta tronpeta eta fiskorno jotzaile kanadiarra da. New York eta Montreal artean egiten du lan. Sona handiko musikaria da latin jazz eszenan. 2018ko Goierriko Jazzaldian jo zuen lehendabiziko aldiz Euskal Herrian. Bluestuntzan, Mi hogar bere azken lana aurkeztuko du. The Soulanders, berriz, Ordiziako, Lazkaoko eta Ataungo musikariek osatzen duten soul taldea da. Lazkaoko San Prudentzio jaietan jo zuten apirilean.
Laukotea
2018an, Goierriko Jazzaldian, boskote moduan aurkeztu zituen bere abestiak Therrien-ek. Mikel Urretagoiena musikari ordiziarra aritu zen baterian, eta Urretagoiena kide den The Machetazo taldeko Daniel Juarezek (saxofoia), Jorge Castañedak (pianoa) eta Dario Guibert-ek (kontrabaxua) osatu zuten boskotea. Bluestuntza jaialdian, aldiz, laukote moduan aurkeztuko du tronpeta jotzaile kanadiarrak bere azken proiektua, Urretagoienarekin, Guibertekin eta Mendaroko Iñigo Ruiz de Gordejuelarekin (pianoa).
Beste bi Euskal Herrian
Ordiziakoaz gain, Euskal Herrian Therrien-en kantak aurkezteko beste bi kontzertu egingo dituzte: uztailaren 19an Mendaroko Jazz Egunean eta hilaren 21ean Donostiako Altxerrin.