Legazpin kalera atera dituzte dendak
Ilintik antolatutako festak jarraipena izango du arratsaldean, haurrentzako puzgarriekin eta musika taldeen emanaldiekin.
Ilinti merkatari elkarteak egindako deialdiari erantzunez, dendak kalera atera dituzte gaur Legazpin, eta Kale Nagusian jarritako postuek merkatalgune erraldoi bihurtu dute gune hori. Dendak Kalera festan herriko betiko komertzioetan egun osoan zehar beste era batera erosteko modua izateaz gain, paella eta fruta-brotxeta solidarioak jateko, Lintxo maskotarekin argazkiak ateratzeko eta Trapalata txarangaren doinuak entzuteko aukera izan da goiz eta eguerdi partean, baita Asier de La Iglesiaren Mudita garagardoa dastatzekoa ere. Gainera, Mari Romero, Lara Odriozola eta Ane Odriozola herriko idazleek postua jarri dute, haien lanak saltzeko.
Arratsaldean, haurrentzako puzgarriak jarriko dituzte, Lintxo berriz ere kalera aterako da, eta amaitzeko, herriko konbo taldeek kontzertua egingo dute. Gainera, Mudita zerbeza ere egongo da.