Domina ugarirekin itzuli dira Ordizia Urpekoak taldeko igerilariak Espainiako 52. hegats igeriketa eta urpeko abiadura txapelketatik
Hamabi probatan igo dira podiumera Ordizia Urpekoak-eko igerilariak. Taldekakoan, hemezortzi taldetatik zazpigarren postuan amaitu dute.
Torreviejan (Alacant) jokatu da asteburuan FEDAS Espainiako urpeko aktibitateen federazioaren Espainiako 52. hegats igeriketa eta urpeko abiadura txapelketa. Ordizia K.E. Urpekoak taldeko igerilariak domina ugari lortu dituzte. Hamabi probatan igo dira podiumera. Zehazki, bost urrezko domina, zilarrezko bi eta brontzezko bostekin itzuli dira. Taldekako sailkapenean, hemezortzi taldetatik, zazpigarren postuan amaitu dute.
Ane Gonzalezek urrezko domina eskuratu du 50 metro azaleran eta 100 metro azaleran, eta brontzezkoa 100 metro bi-hegatsetan. Ana Izagirrek zilarrezko bi domina lortu ditu, 100 metro eskafandran eta 400 metro eskafandran. Josu Sarasolak urrezko bi domina jantzi ditu, 800 metro azaleran eta 400 metro azaleran. Josu Goiak, aldiz, brontzezkoak eskuratu ditu 100 metro eskafandran eta 50 metro apnean.
Erreleboetan, neskek brontzezkoa lortu dute 4×200 metroetan (Ane Gonzalez, Iratxe Garmendia, Graxi Elosegi, Maier Estala), eta urrezkoa 4×100 metroetan (Ane Gonzalez, Iratxe Garmendia, Graxi Elosegi, Natale Reyes); mutilek erreleboetan brontzezkoa lortu dute, 4×100 metroetan (Odei Rodrigez, Josu Goia, Fernando Fernandez, Josu Sarasola).