Kuttune taldeak irekiko du Igartza Musika zikloaren bigarren seihilekoa
Atzo eman zuten prentsaurrekoa Igartza Jauregian zikloaren bigarren seihilekoa aurkezteko. Bertan, Leire Artola alkatea, Mariola Pascual kultura zinegotzia eta Xabier Sarasola eta Arantza Gastesi Loinatz Musika Eskolako arduradunak izan ziren. Orotara bederatzi kontzertu izango dira abendura bitartean, eta zikloa Kuttune taldeak irekiko du. Artolak aurkezpenean esan duenaren arabera, zikloaren lehenengo ediziotik ia zazpi urte igaro dira, eta erantzuna “ezin hobea” dela gehitu du
Goierritarrek ere izango dute presentzia agertokian, hainbat baitira oholtzan egongo diren musikariak. Ianire Aranzabe eta Arri Iraeta, esaterako, Esanezin taldeko kideak dira, eta Altzagarate eta Zumarragakoak dira, besteak beste. Aranzabe taldeko ahotsa da, eta gitarra ere jotzen du. Iraeta, aldiz, bateria da.
Aitor Alvarez musikariak ere kontzertua emango du ziklo honen barruan. Beasaindarra da bera, eta Oscar Rodriguezen konpainian emango dute kontzertua azaroaren hemeretzian.
Beasaingo Loinatz Abesbatzak bi kontzertu emango ditu zikloan zehar: bata urrian, eta abenduan bestea, zikloari amaiera emanez. Oholtzan, gainera, berrikuntza bat izango da, zuzendaria aldatu baitute. 2017. urtetik Jon Aizpuru Malloa izan da abesbatzaren zuzendaria, baina orain Aitor Garitano bergararrak hartu dio erreleboa.
Uztailak 13: Kuttune. Erauskin plaza, 21:30.
Abuztuak 24: Janus Lester. Erauskin plaza, 21:30.
Irailak 15: Esanezin. Igartza Jauregia 21:00.
Urriak 1: Ilussions. Igartza Jauregia, 19:00.
Urriak 22: Loinatz Abesbatza. Igartza Jauregia, 19:00.
Azaroan: Tolosako abesbatzen lehiaketa zirkuitua. Igartza Jauregian izango da, baina eguna eta ordua zehazteke daude.
Azaroak 19: Aitor Alvarez eta Oscar Rodriguez. Andre Mari Zeruratuaren parroki eliza, 19:00.
Abenduak 2: Igartza Musika Beka. Igartza Jauregia, egun osoan zehar.
Abenduak 16: Loinatz Abesbatza. Loinazko San Martinen Basilika, 19:00.
Antolatzaileek nabarmendu dute egitarauan aldaketarik izanez gero, webgunean adieraziko dutela. Bestalde, emanaldi bakoitzaren azken orduari buruzko informazioa kontzertu aurreko egunetan adieraziko dutela esan dute. Emanaldi guztiak irekiak eta doakoak izango direla azpimarratu dute.