Larunbatean San Adrian igarobidean indusketak ikusteko aukera izango da
Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoak lanean ariko dira.
Zegamako Udalak eta Anduetza parketxeak San Adrian igarobidearen aztarnak eta altxorrak ezagutzeko txango gidatu bat antolatu dute.
Aldaolako aparkalekutik abiatuko da txangoa 10:00ean, eta 11:30ean amaitzea aurreikusi dute antolatzaileek. San Adrian igarobideko ibilbidea Anduetza parketxeko hezitzailearekin egingo da. Ondoren, gainera, Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoek indusketa arkeologikoaren berri emango dute.
Antolatzaileek oinetako egokiak eta ura eramatea gomendatu dute txangorako. Eguraldiari dagokionean aldaketaren bat balego, izena eman dutenei abisatuko zaiela ere iragarri dute.
Pertsona bakoitzeko prezioa sei eurokoa da, eta aldez aurretik izena eman beharko da, plazak mugatuak dira eta. Hori, anduetza@gipuzkoanatura.eus helbidean, 943 80 21 87 eta 688 62 36 09 zenbakietan egin daiteke.