Makatzara itzuli da Agurtzane Gabiria, artzain bihurtuta
Lantegiko lana utzi, Gomiztegiko Artzain Eskolan graduatu, eta gurasoen Makatza gaztandegira itzuli da Agurtzane Gabiria, gaztetan gustuko ez zuen artzain lanbidearekin jarraitzeko. Aitor Mantxola senarra alboan du.
Gurasoen artzain lanbidearekin ez zuela jarraitu nahi argi izan du gaztetatik Agurtzane Gabiria Argaratek (Legazpi, 1986), eta herriko lantegi batean jardun du delineante lanak egiten 15 urtez. Duela urte gutxi batzuk Aitor Mantxola senarrak beste lantegi batean egiten zuen lana utzi, eta Pedro eta Ines aita-amaginarreben Makatzako artaldearen eta gaztandegiaren kargu egitea erabaki zuen.
Agurtzanek atzetik jarraitu dio zazpi urte beranduago. Duela aste batzuk graduatu da Gomiztegiko Artzain Eskolan, eta orain, gaztetan nahi ez zuen lanbidea du: artzaina da.
Gomistegin ikasturte osoa eman du, ardien inguruko teoria ikasten batez ere: elikadura, manejua. haurdunaldiak… baina baita komertzializazioa eta marketina ere, “produktua saltzetik bizi gara gu”. Artegietara makina bat bisita egin dituzte, eta praktikak ere bai, «ordu pila bat»; Agurtzane Idiazabalen izan da, Gaztañaditxulo gaztandegian.
Kurtsoa gainditu, titulua jaso eta prest dago senarrarekin batera eta gurasoen laguntzarekin Makatzako 250 ardiko artegiaren kargu egiteko, eta urteko 3.500-4.000 kilo gazta egiteko.
Kaletik Makatzara
Agurtzanek azaldu duenez, «artzainen alaba naiz, nik gurasoak beti ezagutu ditut baserrian lanean. Umetan gustatzen zitzaidan, baina kalea ezagutzen hasten zarenean, kaleko ordutegiak, kaleko bizitza… ikusten duzu bateraezinak direla biak. Eta inguruan ere ez nuen oso giro baserritarra, lagunak kalekoak zirelako». Azkenean, bizitza kalean egin duela laburbildu du. Eta lana ere bai. Delineazioa ikasi zuen, eta 20 urterekin Legazpiko enpresa batean lan egiten hasi zen; 15 urte egin ditu bertan.
Aitor senarra ere baserriko semea da, Urtatzakoa, baina gaztetan ere ez du izan baserrian lan egiteko asmorik, eta industrian jardun du, duela zazpi urtera arte. Orduan, Makatzako Pedrok, Agurtzaneren aitak, osasun arazoak izan zituen, eta etxeko lanari jarraipena nola eman aztertzen hasi ziren, «kanpoko baten bat hartu, ixten joan…». Eta horretan ari zirela, Aitorrek bera saiatuko zela pentsatu, eta horrela hasi zen.
Gomiztegitik igaro zen hura ere hasteko, ikasi zuen, «beno, oraindik ikasten ari gara, asko falta zaigu oraindik», eta denbora bat igarota, gustura zegoen eta jarraitzeko asmoarekin oraindik. Baina oso zaila gertatzen ari zitzaien bizimodua senar-emazteei. «Ez gara Makatzan bizi, Aitor baserrian lanean, ni kalean, bi seme-alaba txiki… oso zaila zen, kontziliazioa ia ezinezkoa zen». Horregatik, eta industrian «kokoteraino» zegoelako, lantegia uztea erabaki zuen Agurtzanek, eta Makatzan proba egitea. «Eta gustura nabil!».
Bokazioa, hor gordeta
Txikitatik ezagutu dute biek baserria, baita artzain lanbidea ere berak, baina bokazioa falta zaiela dio. «Txikitan, baserrian justu-justu laguntzen genuen, eskatzen zigutena egiten genuen. Bokazioa, aurten eskolan nire lagunei ikusitakoa, hori ez dugu izan, eta ez dugu oraindik, baserria lantegi gisa ikusten dugulako. Hala ere, nik uste dut lortuko dugula, ikasiko dugula… hor egongo da gordeta».
Lantegi bateko lana eta baserrikoa oso desberdinak dira, «eta baserria ez dago gainera oso une onean. Eskerrak guk ez dugun zerotik hasi behar izan, eta martxan dagoena hartu dugun. Hemen lan gogorra aurretik egina dago. Negozioa martxan dago, ondo doa… hori mantentzea tokatzen da orain». Industrian ere gauzak ez daudela errazak dio Agurtzanek, «dena da atzorako, dena da garesti, eta presio horrekin egunero jardutea…».
Orain ez litzateke itzuliko lantegira. Makatzan egiten duena egunero-eguneroko lana, baina «lan lasaia» da, «eta biok egonda, errazago egiten dugu gainera».
Eguneroko lana
Kanpoan bizi direnez, goizetan joaten dira baserrira. Aitor lehenago joaten da, 07:00 inguruan, eta artegiko lanekin hasten da, eta Agurtzane 08:00 inguruan, umeak eskolan utzitakoan. «Arditako lanak egiten ditugu, eta egunean tokatzen dena, gazta egitea batek, kanpoko lanak besteak…». Eguerdian umeak jasotzen dituzte eskolatik, eta etxean bazkaltzen dute, eta arratsaldean, berriz ere Makatzara, «baina bat herrian geratzen da, eta eskola eta eskolaz kanpokoak amaitzen direnean, gora etortzen gara danok». Horrela, 20:00-21:00ak arte. Ostiral eta larunbat goizetan, gainera, Legazpiko eta Zumarragako azoketara joaten dira, gazta eta etxean egiten dituzten ogiak eta madalenak saltzera.
Gurasoek «dena» erakutsi dietela dio Agurtzanek, ondoan dituzte oraindik, eta laguntzen jarraitzeko prest daude. Bi belaunaldien artean noizean behin tradizioaren eta berrikuntzaren arteko talka izaten omen da, baina konpondu ezin daitekeen ezer ere ez.
Orain garai lasaian daude Makatzan. Gazta egiteko kanpaina amaitu berritan –abenduan hasten dira, eta ekainean bukatu–, gaztandegia garbitzen jardun dute azken egunetan. Ardiak kanpoan daude, inguruko mendietan, eta gutxitan sartzen dituzte artegira uda parte honetan. Negurako belarrak egiteko «eguzkiaren zain» daude. Horrekin batera, kanpaina berria martxan jarri bitartean kameran gordeta dauden gaztak zaintzea da lan nagusia, orain arte bezala, onak atera daitezen eta sariak irabazi ditzaten.