Zuhatz Sukia, pisu jaurtiketan aitaren lehen markak gainditzen
Espainiako 18 urtez azpiko txapelketan zilarrezko domina kolkoratu du atleta ataundarrak, 17,84 metroko jaurtiketarekin. Euskal Herriko bigarren marka onena da... Iker Sukia aitarenaren atzetik.
Zuhatz Sukia Imaz atleta ataundarrak zilarrezko domina lortu zuen, igande iluntzean, Gijonen (Asturias, Espainia) jokatutako estatuko 18 urtez azpikoen txapelketan, pisu jaurtiketan. 17,84 metrora urrundu zuen bola, bigarren saiakeran. Marka pertsonala du, eta Euskal Herriko inoizko bigarren marka onena ere bada. Kurioski, haren aita Iker Sukia Esnaolak (Ataun, 1978) dauka errekorra, maila absolutuan: 19,05 metro (1999).
Hamasei urte dauzka Zuhatz Sukiak, irailean beteko ditu 17. Nahiz eta absolutuan oraindik aitaren atzetik dagoen, haren mutikotako marka ondu du semeak: adin berarekin, 17,13 metro bota zuen Iker Sukiak, 1995ean; 19rekin bota zuen semeak orain ezarri duen marka baino aurrerago: 18,31 pista estalian (1997) eta 17,82 hurrengo urtean irekian.
Txindoki-Jaso atletismo taldeko kidea da Zuhatz Sukia.