Enpresen berrikuntzari aitortza egin diote
Goierriko hamar enpresak Hazinnova ziurtagiria jaso dute gaur goizean Azpeitian egindako ekitaldi batean. Ziurtagiri horrek enpresetan berrikuntza proiektua arrakastaz ezarri izana aitortzen diete.
Goierriko hamar enpresak Hazinnova ziurtagiria jaso dute gaur goizean Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailaren, SPRI erakundearen eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziaren eskutik, Azpeitian egindako ekitaldi batean. Ziurtagiri horrek enpresetan berrikuntza proiektua arrakastaz ezarri izana aitortzen diete.
Gaurko ekitaldi honetan Urola bailarako eta Debagoieneko beste 27 enpresak ere jaso dute ziurtagiria. Goierrikoak hauek dira: Beasaingo Montte eta Pulydec Brugos; Idiazabalgo Aitzgorri Galdarategi Mekanizatua, Ekoerein MG eta Mekatek Mekanizatuak; Olaberriko Aldanondo Gaztak; Urretxuko Egumendi, Eima Eskailerak eta Premank Kanpoko Prebentzio Zerbitzuak; eta Zaldibiako Euskaber. Legazpi, Urretxu eta Zumarragako udalen partaidetza duen Oñatiko Zubillaga Hiltegiak ere jaso du enpresa berritzailearen ziurtagiria.
Azpeitiko Basazabal jauregian egin den ziurtagirien banaketa ekitaldian Aitor Urzelai SPRIko zuzendari nagusia, Gotzon Bernaola Innobasque agentziaren Enpresa Berrikuntzako koordinatzaile nagusia, eta Ana Azkoiti Azkoitiko alkatea eta Iraurgi Berritzen garpen agentziako ordezkari instituzionala izan dira.
Mikro-proiektuen ezarpena
Hazinnova aitortza jaso berri duten enpresek merkatuan duten kokapena hobetzeko berrikuntza ez teknologikoko mikro-proiektuak ezarri dituzte haien antolaketetan. Produktuetan zein negozio prozesuetan, fabrikazioan, logistikan, merkaturatzean, administrazioan edo finantzetan egin dituzte berrikuntza.
Mikro-proiektuen ezarpen prozesuan hainbat erakunde izan dituzte ondoan. Goierrikoen kasuan , Goieki eta Uggasa garapen agentziak izan dituzte bidelagun. Makina-erreminta Fabrikatzaileen Elkartea (AFM), Basque Food Cluster, Debagoieneko Mankomunitatea, Arrantza Ekintza Taldea (GALP), Iraurgi Berritzen Urola Erdiko Garapen eta Berrikuntza agentzia, Mendinet Landa Garapenerako Elkartea, Siderex Euskadiko Siderurgia Klusterra, eta Urola Kostako Mankomunitatea izan dira gainerako babesleak.
Esperientziak partekatuz
Banaketa-ekitaldiaren ondoren, berrikuntzako kasu praktikoak aurkeztu dituzte, eta Hazinnova 2022 programan parte hartu duten hiru enpresek bakoitzaren esperientzia praktikoak eta lortutako emaitzak partekatu dituzte. Horien artean izan da Zaldibiako Euskaber kooperatiba. Euskaber aske dauden oiloak hazten eta zaintzen aritzen den baserritar taldeak osatzen dute, eta kontsumitzaileen perfila aztertzeko proiektu batean aritu da Hazinnova programari esker, eta horren berri eman du Karmele Pikabea gerenteak.
Zulagailuak egiten dituen Erlo Group enpresa azkoitiarrak ere partekatu du bere esperientzia; merkatu berrietara irekitzeko proiektu bat gauzatu du. Siliconas Silam zumaiarrak ere aurkeztu du bere proiektua: silikonazko elastomeroak eraldatzen ari da, eta bere produkzio sistema hobetzeko lan egin du, Lean Manufacturing delakoaren bidez.
Deialdi berria martxan
Hazinnovaren 2022ko deialdian 321 enpresa txikik eta ertainek jaso dute berrikuntzaren euskal ekosisteman sartzeko egindako ahalegina aitortzen duen ziurtagiria. Programak 2.760.000 euroko aurrekontua izan du.
Iazkoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, SPRIk eta Innobasquek bultzatutako egitasmoaren hirugarren edizioa izan zen. Orain arte, 650 enpresek lortu dute akreditazioa.
Orain, zabalik dago Hazinnova 2023 deialdia, eta interesa duten enpresa berriek urriaren 26ra arte eskatu ahal izango dituzte laguntzak. Programak 2,7 milioi euroko aurrekontua du esleituta urte honetarako.