Ion Izagirrek Frantziako Tourreko 12. etapa irabazi du
30 kilometroren faltan erasoa jo eta bakarrik helmugaratu da Belleville-en-Beaujolais herriko helmugan. Bigarren etapa garaipena du Tourrean
Ion Izagirrek Frantziako Tourreko 12. etapa irabazi du. 30 kilometroren faltan erasoa jo eta bakarrik helmugaratu da Belleville-en-Beaujolais herriko helmugan. Munduko lasterketarik garrantzitsuenean bigarren garaipena du, 2016an Morzinen irabazi ostean.
Etapa gora beheratsua izan dute. 3.000 metro baino gehiagoko desnibel positiboa pilatu dute 168 kilometrotan, 3. mailako hiru mendaterekin eta 2. mailako birekin. Azkeneko gaina harrapatu baino bi kilometro lehenago erasoa jo die iheskideei. Ordu erdi baino gehiagoko jazarpen proba hasi du orduan, baina indartsu eutsi dio tarteari. Are, atzekoek amore eman eta amaieran ia minutuko aldea atera du. Ospatzeko tartea ere izan du eta etxekoei musuak bidaltzekoa, telebista bidez. Alabaren urtebetetze eguna da gaur.
«Euskal Tourra da hau. Etxean hasi zen eta bi garaipen daramatzagu Euskal Herriko txirrindulariek», esan du helmuga marra pasa berritan. «Tarteari eutsi ahal izan diot eta garaipena lortu dut. Indartsu iritsi naiz azkeneko kilometroetara. [Guilleme] Martin taldekideak lan handia egin du», gaineratu du.
🏆 Ion Izagirre wins in Belleville-en-Beaujolais!
— Tour de France™ (@LeTour) July 13, 2023
🏆 Ion Izagirre s’impose à Belleville-en-Beaujolais !#TDF2023 pic.twitter.com/zJ5VowleNf
Goiberri aldizkariari 518. alean esan zion helburua etapa bat irabaztea izango zela. «Urterokoa». «Etapa garaipenen bila ibiltzea da asmoa. Taldeak helarazi dit askatasuna izango dudala». Cofidis taldean lehiatzen du Izagirrek; urteak zeramatzan talde frantsesak Tourrean etapa bat irabazi gabe eta goierritarrarenarekin bi daramatzate aurtengo edizioan. «Tour izugarria izaten ari da guretzat».
🏅They waited 15 years to win again on the Tour de France, it only took them 10 stages to get a second win!
— Tour de France™ (@LeTour) July 13, 2023
🏅Ils ont attendu 15 ans pour gagner à nouveau sur le Tour de France, il ne leur a fallu que 10 étapes pour remporter une deuxième victoire ! #TDF2023 | @TeamCOFIDIS pic.twitter.com/hIgQ9cBolN