Junetorri autobusa doakoa izango da uztailaren bukaeratik aurrera
Zerbitzuaren erabilera sustatu nahi du udalak neurri honekin. Gaur egun hilabeteko 4.000 bidaiari inguru ditu. Autobusa, ibilbidea zein ordutegiak mantendu egingo dira. Aztiriko jaietara joateko zerbitzu bereziak izango dira asteburuan.
Legazpiko Udalaren Junetorri autobus zerbitzua doakoa izango da erabiltzaile guztientzat, uztailaren amaieratik aurrera. datuko da. Zerbitzu hau 2012. urtean jarri zuten martxan, eta kontratua amaitu ondoren, gutxienez bi urteko ziklo berri bat hasiko da uztailaren bukaeran, doakotasuna ezarrita.
Neurri honen helburua autobusaren erabilera sustatzea da. Gaur egun hilabeteko 4.000 bidaiari inguru ditu zerbitzu honek. Autobusa, ibilbidea zein ordutegiak mantendu egingo dira.
Herritarrek zerbitzuaren erabilera zentzuduna egingo dutela espero du Udalak, behar bereziak dituen jendea errespetatuz eta mugikortasun arazoak dituzten erabiltzaileei lehentasuna emanez, besteak beste.
Aztiriko jaietarako zerbitzu bereziak
Santa Marina jaiak direla eta, Junetorri autobus zerbitzua egongo da aurten ere asteburuan Legazpiko herrigunetik Aztirira joateko. Larunbat eta igande arratsaldeetan, 17:30ean, 19:00etan eta 20:30ean aterako da Urtatzatik, eta 18:15ean, 19:45ean eta 21:15ean Aztiritik. Igandean, 10:30ean, 12:00etan eta 13:15ean irtengo da Urtatzatik, eta Aztiritik, 11:15ean, 12:30ean eta 14:00etan.