Konpartsa gaztetu egin da
Legazpiko erraldoiek eta buruhandiek kalejira egingo dute arratsaldean erdigunean. LEK konpartsako kideak, gazte batzuk horien artean, prest daude txikienei une goxoak eta batzuetan beldurgarriak eskaintzeko.
Uztakale programazioko klasiko bihurtu da LEK Legazpiko Erraldoi Konpartsaren kalejira, eta gaur da egun seinalatua. 19:00etan aterata, Kale Nagusiaren barrenetik hasi eta ohiko bidea egingo dute erdigunean herriko erraldoiek, Iruñeko Ezpelur dultzainero taldearen musikarekin lagunduta, eta buruhandiak gertu dituztela.
Ibilbide luzeko konpartsa da Legazpiko erraldoiena, eta kideen artean beterano asko baldin badaude ere, azken urteetan gazteak ere hurbildu dira taldera. LEK gaztetu egin da.
Jende berria eta gaztea
Iker Zeberioren eskutik etorri zaio gaztetzea LEK konpartsari. Gaur egun 20 urte ditu Zeberiok, baina aspalditik zebilen beteranoen ondoan, mundu hau asko gustatzen zaiolako. Duela bi urte, konpartsako kide izan nahi zuten adin bertsuko lagunak eraman zituen taldera: Auritz Armendariz, Manex Uranga, Jon Aliste, Eneko Gutierrez eta jadanik taldean ez dagoen Markel Garmendia.
Behin erraldoiak eramateko teknikak edo trikimailuak ikasi, eta dantzak prestatu eta gero, kalera ateratzen hasi ziren gazteak ere, eta konpartsako kide berriak bihurtu ziren. Gaur egun 12 lagunek osatzen dute LEK; kide zaharrenak 48 urte ditu, eta gazteenak 17. Neska bakarra dago taldean, eta gustura hartuko lukete gehiago, «ez da indar berezirik behar erraldoi bat eramateko, gogoa bakarrik» dio konpartsako kide beteranoenetakoa den Mikel Alonsok.
Erraldoi batek 25-35 kilo ditu, eta horiek maneiatzeko, gogoaz gain, denbora pixka bat ere eduki behar da, entseatzeko. «Astean behin, asteazkenetan egiten ditugu entseguak, 19:00etan».
Lokala, erakusleihoarekin
Entsegu horiek erraldoiak gordetzen dituzten toki berean egiten dituzte, garai bateko ekonomatuan. Lokal horretara eraman zituzten duela urte batzuk. Lehen Kultur Etxearen ondoan zuten lokala baina handiagoa da, baita altuagoa ere, «hobeto gaude hor».
Gainera, erakusleiho handiak ditu eta ume asko joaten da bertara, txukun-txukun ilaran jarrita dauden erraldoiak eta buruhandiak ikustera, nahiz eta eguzkitik babesteko kristaletik urruti samar dauden.
Izan ere, erraldoiak eta buruhandiak oso estimatuak dira txikienen artean, eta Legazpin, erakusleiho berezi horretan bakarrik ez, kalean ere ikusi daitezke urtean hainbat alditan. Maiatzeko festetan hirutan atera dira aurten, Agorrekoetan bitan aterako dira, eta horietako batean kanpotik etorritako erraldoiekin alardea egingo dute. Herriko auzoetako festetan ere ateratzen dira, eta beste ekitaldi batzuetan ere bai, martxoan ospatutako Euskal Herriko Txistu Egunean bezala. Kanpora ere joan ohi izan dira, iraileko alardean parte hartzen duten erraldoien herrietara, bisita itzultzera.
Hiru bikote osatzen dituzten sei erraldoi handi dira Legazpiko konpartsako partaideak, eta lau txikitxo ere badituzte taldean, gurasoek egindakoak eta 10-11 urteko gaztetxoek eramaten dituztenak kalejiretan. «Hor dago gure harrobia», azpiamarratu du poz puntuarekin Alonsok.
Pakita eta Bruno txikiak
Bestalde, erraldoi bikoteetako batek, Pakitak eta Brunok, miniaturazko bertsioak ere badituzte, panpinak egin zituztelako. Oso harrera ona izan dute, eta dagoeneko 390 bikote saldu dituzte. Oraindik badituzte gehiago salgai.