Astigarreta auzoa, xarma berezidun txokoa
Azken urteetan jende berria gerturatu da Astigarreta auzora. Bertan egindako berrikuntzek eta erromeriek bizitasuna ekarri diote honi. Igandean egingo da San Gregorio ermitako erromeria
Beasainen badira oharkabean pasatzen diren zenbait txoko, eta horietako bat da Arriarango haranean kokatuta dagoen Astigarreta auzoa. Aintzinetik, bereizgarri diren bi erromeria egin dira bertan: Astigarretako erromeria eta San Gregorio ermitakoa. Ospakizun horien aitzakian, jende asko gerturatu da Astigarretara. Gainera, azken urteetan pairatutako despopulazioari aurre egiteko modu bat ere izan dira, erromeriek bizitasuna ekarri baitiote auzoari. Igande honetan egingo da San Gregorio ermitako erromeria.
Astigarreta auzoa
Egun, Astigarreta Beasaingo auzoa den arren, ez da beti horrela izan. Garai batean Segurari lotuta egon zen, eta ondoren, lau mendez, udalerri independentea izan zen: 1615etik 1929ra. Hala ere, 1929an, Beasaini lotzea erabaki zuten herritarrek, mesedegarriagoa izango zelakoan.
Urteen poderioz biztanle kopurua gutxitzen joan bada ere, azkenaldian igoera bat eman da. Gaur egun 45 pertsona inguru bizi dira Astigarretan. 1900. urtean 225 biztanle izatera iritsi zen auzoa, 1910ean 255, 1920an 193, 1960an 138 eta 2007an 13. Pasa diren urteetan egindako berrikuntza lanei esker, auzoa «biziberritu» egin dela dio Antonio Etxaniz auzotarrak. Etxaniz, Albitxu baserrian bizi da eta Astauzel elkarteko presidentea ere bada. Elkarte hau arduratzen da auzoko erromeriak eta bestelako ekintzak prestatzeaz.
Etxanizen esanetan, azken urteetan «eraldaketa handiak» jasan ditu Astigarretak. Horien helburua auzoko bizitza berreskuratzea izan da. San Martin de Tours parrokia berritzeaz gain, 2022ko abuztuan harraskaren teilatua ere konpondu zuten. Harraska 2006an berreskuratu zuten, Kutxa eta Aranzadi Zientzia Elkarteak bultzatutako auzolandegien bitartez. Ordutik plaka bat ere badago Frantziska Urkia astigarretarra oroitzen duena. Urkiak Ameriketara emigratu zuen, eta 1906an, berriro Euskal Herrira itzultzean, Astigarretako biltegira, baserrietara eta garbitegira ura ekartzearen kostu guztia ordaindu zuen. San Gregorio ermita ere eraberritu zuten: 2014an teilatua eta 2015 urtean barrualdea. Bestalde, elkarte bat ere sortu zuten 2004an. Etxaniz izan zen elkartea berritzea bultzatu zuenetako bat.
Biztanleen gorakada
Etxanizek dio berrikuntza horiek «erakarpen iturri» izan direla, eta azken urteetan «jende berri asko» gerturatu dela inguru honetara. Hutsik zeuden zenbait baserri ere berriro bete egin dira. Oilantxegi baserria da adibideetako bat. Bertan bizi da Susanne Klemm alemaniarra duela zazpi urtetik. Ofizioz gozogilea da eta hilabete bakoitzeko lehen larunbatean egiten den Beasaingo azoka berezian izaten da bere gozoak saltzen. Kimia Kamvari sortzailea ere Astigarretan bizi da. 2018. urtean Nature change izeneko erakusketa bat egin zuen Donostian, eta 2020. urtean, berriz, izen bereko liburua plazaratu zuen, aurreko lana osatuz. Bere esanetan, «Astigarretak asko inspiratzen» du.
Bitxikeriak
Urteetan despopulazioa eman den arren, ez dira edonolako biztanleak bizi izan Astigarreta auzoan. Horien artean dago Plazida Insausti, luzaroen bizi izan den euskal herritarretako bat. Zehazki, 110 urte eta 342 egun bizi izan zen. 1896ko urriaren 5ean jaio zen Astigarreta auzoko Bekoetxe baserrian. Ondoren Garin auzoko Baztarretxe baserrira aldatu zen, Antonio Etxeberria senarrarekin. Han bizi izan zen 2007ko irailaren 12an hil zen arte.
San Gregorioko erromeria
Astauzel elkarteak antolatuta, aurten ere, uztailaren 16an, San Gregorio ermitako erromeria egingo da. Hamarkadetan galduta egon ondoren, 2016an berreskuratu zuten. Hala ere, pandemia zela eta urte batzuetan geldirik egon zen eta iazko udan egin zuten berriro hiru urteko etenaldiaren ostean.
Aurtengo programazioari dagokionez, 11:30etan meza egingo da ermitan. Jarraian, pintxo potea egingo da Astiazaran eta Larrañaga trikitilariek girotuta. Ondoren bazkaria egingo dute. Eguraldi ona egingo balu ermita ondoan egingo dute, txarra egingo balu, berriz, ermita barruan.