Saturrarango kartzelaren zuzeneko berri emango dute gaur Olaberrian
Olargi taldeak oroimen historikoaren ekitaldia antolatu du. Bost urtean preso eduki zuten Valentina Ruedaren historia kontatuko du Juana Santana biloba olaberritarrak. Ikuskaria jarriko dute.
Olaberriko Olargi oroimen historikoaren taldeak omenaldi-ekitaldi bat antolatu du, gaurko. Uztailaren 18aren inguruan urtero egin ohi duten bezala, 1936ko gerraren eta gerraostearen berrikuspen ariketa, garai hura sufritu zuten herritarrei aitortza eta galdutako historiaren parte baten azaleratzea izango dira. Olaberriko udaletxean, gaur 18:00etan izango da ekitaldia.
Ekitaldi xumea izango dela aurreratu dute Olargi elkartekoek, baina edukiz aberatsa eta sakona. Saturrarango kartzela frankistari jarriko diote aurten arreta, eta han preso eduki zituzten emakumeen sufrikarioari aintzatespena egingo diote.
Aurrena, Debekatuta dago oroitzea – Prohibido recordar dokumentala jarriko dute. Saturraranen (Mutriku, Gipuzkoa) 1937tik 1944ra bi mila emakume eduki zituzten preso, errepresio frankistaren biktima. Batzuen testigantzak kontatzen ditu Txaber Larreategiren eta Josu Martinezen ikuskariak (2010).
Jarraian, hitza udaleko ordezkari batek, Olargiko kide batek, eta Saturrarango historia familian zuzen-zuzenean izan zuen Juana Santana olaberritarrak hartuko dute; Olargiko Belen Parrak egingo dio sarrera.
Ondoren, Bujanda eta Lasa Plazan, 1936ko gerran zapaldu eta baztertu zituzten olaberritar guztiak omenduko dituzte.
Valentina Ruedaren historia
Juana Santanaren amona eduki zuten gatibu Saturraranen. Santana bera Alaejos herrian (Valladolid, Espainia) jaioa da, eta zazpi urterekin iritsi zen Goierrira; Ataunera lehenbizi, Idiazabalera gero, eta Olaberrian osatu du familia. 82 urte dauzka.
Bizi-bizirik ditu amaren aldeko amona Valentinak Saturraranen pasatu behar izan zituenak, etxean kontatu zituelako eta transmititu zituztelako.
Valentina Rueda Alaejosen bizi zen gerra hasi zenean; hiru seme eta alaba bat zeuzkan. Arropa garbitzera joan zen batean, komentario bat egiteagatik auzipetu eta zigortu zuten frankistek. «Herri guztietara bezala, gazteen bila joaten ziren hara ere, gero gerrara eramateko. Gazteak hartu beharrean, guardia zibilak joan zitezela esan zuen. Batek salatu egin zuen, eta Valladolideko kartzelara eraman zuten lehenik. Epaitu, bi urte preso egon, eta handik Saturrarena bidali zuten. 1938tik 43ra egon zen han, bost urte gehiago. 1936an 60 urte zeuzkan, eta 68rekin atera zen», dio Valentina Ruedaren historia jaso duen Belen Parrak.
Saturraranen, zaharrentzako eraikinean egon zen –hiru zeuden guztira–. «Gosea, mojek nola tratatzen zuten, senditik urrun egotearen zigor bikoitza… kontatzen du haren bilobak». Senarra ere preso egon zen, eta seme bat fusilatu egin zioten.
Kartzelatik atera zenean Alaejosera joan zen –bitan zatikatua eta galtzaileak jazarriak–, baina alaba Euskal Herrira zetorrela jakin zuenean, harekin itzuli zen. Orduan aske, eta zapalduen historia isildua kontatzeko prest.