Festa Beasainen gazte estatubatuarrak agurtzeko
Eguerdian jolasak eta triki-poteoa egin dituzte, eta bazkalondoan erromeria izango dute.
Gaur eguerdian jolasak egin dituzte gazte estatubatuarrek Beasaingo Erauskin plazan. // Argazkia: Iñaki Gurrutxaga Azken txanpara iritsi da AEBetako euskal komunitateko 37 gazte Ateak Ireki programaren bitartez Goierrin egiten ari diren egonaldia. Gaur agur festa dute Beasainen, bihar familiekin pasatuko dute eguna eta gehien-gehienek itzulerako hegazkina hartuko dute astelehenean.
Beasaingo Erauskin plazan egin dituzten jolasekin hasi dute gaur agur festa. Ondoren triki-poteoa egin dute, eta bazkalondoan erromeria izango dute Gernika pasealekuko frontoian.














