Zaldibiako II. Zubiblok topaketa iruditan
Lagunartean eta giro beroa lagun egin dute eskalada saio herrikoia berrogei lagun inguruk. Antolatzaileak gustura daude aurten ere topaketak izan duen harrerarekin.
Zaldibiako II. Zubiblok topaketaren irudia, atzo arratsaldean. // Argazkia: Iñaki Gurrutxaga Gaurko zegoen iragarrita Zaldibiako II. Zubiblok topaketa, baina Gailurrerantz mendi elkarteko antolatzaileek azken orduko erabaki bat hartu behar izan zuten ostegunean. Gaurko giro freskoagoa eta euria egiteko arriskua iragartzen zuten, eta atzo giro beroa egingo zuela ikusita, eskalada saio herrikoia egun bat aurreratzea erabaki zuten. Baita asmatu ere. Termometroetan 30 gradutik gora, errekan bustitzeko beldurrik gabeko aritu ziren berrogei partaide inguru eskalada blokeak osatzen, Goierrikoak eta Tolosaldekoak gehienak.
Balorazio “oso-oso positiboa” egin dute antolatzaileek. “Zalantza asko izan genituen eguna aurreratzearekin. Dena mugitu behar izan genuen: anbulantzia, garagardo hornitzailea, partaideei hots egin… Jendeak ondo ikusi zuen aldaketa, eta guk ere ahalegin berezia egin genuen dena prest izateako”, azaldu du Aratz Etxeberria antolatzaileak.
Topaketa, lehiatik harago
Egunak utzi dizkien sentsazioak “ederrak” izan direla nabarmendu du. “Lan hau hartu eta jendeak horrela erantzutea… Parke botaniko inguru hori altxor bat da, eta jendeak ikustea zubi horretan eskalatu daitekeela, ez dela autoak eta oinezkoak pasatzeko bakarrik. Zubian eskalatu egin daiteke, alde batetik bestera ibili bide ezberdinak eginez, eta gainera, eroriz gero, saria duzu, eskalatzen duzun tentsio hori errekara erortzean segituan pasatzen baita”.
Topaketaren helburuetako bat eskalada herrigunera ekartzea da, rokodromoetatik eta menditik kalera jaistea, jendeak kirol hau gehiago ezagutu dezan. V. gradutik 7A+ arteko bideak jarri dituzte, lehia kutsutik ihesi. “Azkenean gure filosofia da topaketa bat izatea, eta ez inondik inora gaur egun horrenbeste ikusten den lehiakortasun hori. Gure helburua egun polit bat pasatzea da, jendeak eskalatzea, ikusleek gozatzea… Eskalatzen aritu den gustura aritu da, ikusleak ere bai, eta gu ere bai antolatzaile modura”.
Joschka Natke antolakuntza taldeko beste kide batek ere zentzu berean hitz egin du. “Oso-oso pozik gaude egindako lanarekin eta jasotako erantzunarekin. Eskerrak eman behar zaizkie herritik nahiz kanpotik parte hartzera eta ikustera etorri diren guztiei. Horrek asko betetzen du”.
Ondo pasatzeko gogoa
Natkek adierazi du “maila txikiko eta ertaineko” eskalatzaileak biltzea lortu dutela. “Bizi garen garai honetan ematen du punta-puntako maila eta errendimendua eduki beharra dagoela, eta ematen du utopia bat dela ondo pasatzeko gogo hutsarekin zerbait antolatzea. Eskalatzeko gogoa eta lagunekin arratsalde bat ondo pasatzeko gogoa nahikoa da gauzak egiteko, eta giro sanoagoa sortzen da lehiakortasunetik aldenduta”.
Datu bat ere nabarmendu nahi izan du, bloke guztiak lehenengoan atera dituen lehen pertsona emakume bat izan dela. “Oso gaztea gainera, gaur egun dugu gizon indartsuaren ereduari aurre eginez”.
Hurrengorako ere animatuta
Zubiblok topaketak izan duen harrera ikusita, Etxeberriak adierazi du hurrengo urtean ere badutela antolatzeko asmoa, “nobedade batzuk” sartuta gainera. “Eskerrak eman nahi nizkieke boluntario guztioi, eta udalari ere bai, gauzak errazteagatik. Baita sariak eman dizkiguten Euskaberri, Manakori eta Atari Boulder aretoari”.
Argazkiak: Iñaki Gurrutxaga













