Azken txanpan sartu da Uztakale
Musika, antzerkia eta ikus-entzunezko baten emanaldia izango dira astean zehar, kultur programa ixteko. Ostiralean Uztalai udaleku irekiak eta udako marrazki ikastaroa ere amaituko dira.
Legazpin, uztaileko arratsaldeak aisialdi eta kultura ekintzaz betetzen dituen Uztakale programa azken txanpan sartu da, eta ostiralean, hilak 21, amaituko da. Hala ere, aste honetarako baditu oraindik proposamenak.
Asteazkena, hilak 19, musikari eskainitako eguna izango da, eta bi talderen kontzertua dago iragarrita egun horretarako. Oñatiko Mila Modu taldea izango da bat, eta bestea, Legazpi bertako Loak. Kontzertua 19:00etan izango da, Nafarroa kalean, Karibe Zaharra taberna ondoko plazan. Loak taldea bost musikari beteranoz osatuta dago. Jose Llamazares gitarra jotzailea, Edu Gil gitarra jotzailea eta ahotsa, Asier Diez baxu jotzailea, Txutxin Calvo saxo jotzailea eta Joxe Arizkorreta bateria jotzailea dira taldekideak. Asteazkeneko kontzertuan taldearen lehen diskoa izango denaren abestiak aurkeztuko dituzte.
Ostegunean antzerkiaren txanda izango da, eta oraingoan Bea Larrañagak Bonba bat naiz lana aurkeztuko du, 19:00etan, Laubideko kale nagusian.
Amaitzeko, ostiralean Ikatza elkarteko kideek laugarren eta azken ikus-entzunezko emanaldia egingo dute, 22:30ean Azokan, bidaiei eskainita.
Uztakale programaz gain, ostiralean Uztalai udaleku irekiak eta Arkatzaren udako marrazki ikastaroa ere amaituko dira.