Xabi Zurutuzak munduko txapelketako bigarren garaipena lortu du Bartzelonan
Bigarren lasterketan erorketa bat izan zuen eta ezin izan zuen sailkapenerako punturik bildu. Hala ere, seigarren postuan jarraitzen du, eta bi erronden faltan, goiko postuetara iristeko aukera handiak ditu.
Xabi Zurutuza moto pilotu legazpiarrak munduko Junior GP txapelketako bigarren garaipena lortu du asteburuan, Bartzelonako Montmelo zirkuituan, duela bi aste Portugalen egindako balentria errepikatuz. Munduko txapelketak dituen zazpi errondetako bosgarrena zen Bartzelonakoa, bi lasterketez osatutakoa, eta larunbatekoa irabazi zuen; igandekoan, Portugalen bezala, erori egin zenez, ezin izan zuen amaitzerik izan, eta ondorioz, ez zituen sailkapenerako puntuak batu.
Garaipen honen ondoren, eta bigarren lasterketako punturik gabe, seigarren postuan jarraitzen du Zurutuzak munduko txapelketaren sailkapen orokorrean. Angel Piqueras da liderra, eta nahiko zaila izango da legazpiarrarentzak hori harrapatzea, baina aukerak ditu bigarren postuan bukatzeko eta denboraldi honetarako helburua zuen kategoria igoera lortzeko, Moto3-ra, hain zuzen. Piquerasek 166 puntu ditu, eta Zurutuza 13 puntu eskasera dago sailkapenean; garaipen bakoitzarekin 25 puntu pilatzen dituzte.
Atseden hartuko du orain legazpiar gazteak, eta uda ondoren itzuliko da konpetiziora. Txapelketa amaitzeko oraindik bi erronda falta zaizkio. Urriaren 8an Aragoiko Motorland zirkuituan izango du hitzordua, lasterketa bakarrarekin, eta denboraldia amaitzeko, azaroaren 5ean Valentziako Ricardo Tormo zirkuituan beste bi lasterketa.
Zurutuzak MTA talde italiarraren babesa du munduko txapelketa honetan.