48 orduan Santiago de Compostelara, bizikletan
Zegamako Elkartu Nahi Txirrindulari Elkarteak beste erronka bat bete du: 48 orduan Santiago de Compostelara iristea, bizikletaz. Ostegunean abiatu ziren Zegamatik, eta larunbatean iritsi ziren.
Zegamako Elkartu Nahi Txirrindulari Elkarteak erronka baten berri eman zuen pasa den astean: 48 orduan Zegamatik Santiago de Compostelara joatea, bizikletaz. Erronka Ander eta Aitor Perezek, Gorka Lozanok, Eneko Arratibelek eta Urko Apaolazak egin dute, eta laguntzaileak ere izan dituzte egunotan: Diego Arratibel Eneko Arratibelen aita, eta Kelo Perez, Aitor eta Anderren aita, besteak beste.
Eneko Arratibelek esan duenaren arabera, gainera, laguntzaileen lana goraipatzekoa izan da, eta haiek gabe ez litzateke posible izango.
Ostegunean Zegamatik abiatu ziren, 15:00ak aldera, eta Briviescara (Burgos, Espainia) 19:15 inguru iritsi ziren. Lehenengo egunean 140km egin zituzten, eta «uste baino azkarrago» iritsi ziren. «Lehenengo eguna ona izan zen», dio Arratibelek.
Bigarren eguna, luzeena
Bigarren eguna izan zen luzeena, 330km egin baitzituzten Ponferradaraino. Haizea kontran izan zuten, baina eguraldia nahiko ona zela dio Arratibelek. Briviescatik 07:30ean atera ziren, eta Ponferradara 21:00ak aldera iritsi ziren txirrindulariak.
Azkenik, Ponferradatik Santiago de Compostelarako bidea egin zuten. 200km-ko bidaia zen, eta euria eta hotz handia egin zien bidean. Txirrindulariek hotzez dardaraka ere izan zirela adierazi dute.
Kilometro aldetik egun ezberdinak izan dira, ostegunean bizikletaren gainean lau ordu, ostiralean hamaika ordu eta larunbatean zazpi ordu eta erdi egin baitzituzten. Hasiera batean erronka egiteko hiru eguneko epea jarri nahi zuten, baina azkenean 48 ordura jaistea erabaki zuten: «Bagenekien erronka 48 orduan egitekoa zela, baina erotu ere ez genuen egin nahi denbora betetzearekin».
«Sentsazioei dagokienez, goizean pixka bat kostatu egiten zitzaigun, baina orduak aurrera egin ahala hobetzen joaten ginen», dio Arratibel txirrindulariak. Hala ere, bizkarreko zein ipurdiko minak ere izan dituzte, ordu askoz egon baitira postura berdinean. Muskuluak ere amaierarako nahiko gogortuta izaten zituzten, baina Arratibelen arabera, gogorra izan den arren, oso gustura ibili dira.
Bideei erreparatuz gero, bestalde, orokorrean «bide zabaletan»ibili direla adierazi dute, beraz «nahiko ondo ibili dira».
Ez da lehenengo aldia
Santiago de Compostelara bidaia egiten duten lehenengo aldia bada ere, aurreko bi urtetan ere egin dituzte 300 km inguruko ibilbide luzeak. Horiek ere bizikleta gainean, noski.
Bidaia hauek egitea bazkari baten ondorioa izan zen. Iaz, esaterako, hamabi lagun inguru San Sadurni d’Anoiara joan ziren bi egunetan, Zegamarekin senidetuta dago eta. «Hurrengo urtean ez dakigu zer egingo dugun, baina jendeak Cadizera joan beharko dugula esaten digu», dio Arratibelek barre artean.