Agurrerako eta ongi etorrirako tartea izan da gaur oliben ondoan
Vicente Muñoz eta Maria Luisa Mendizabal oliba saltzaileek erretiroa hartu dute, eta aurrerantzean Teo Muñoz eta Txus Casao izango dira postuaren arduradunak. 1970ean Teodoro Muñozek abiatutako bideari jarraipena eman diote horrela.
Goiza goibela izan da gaurkoan Ordiziako ferian, batetik eguraldiak horrela agindu duelako, eta bestetik, agurrerako eguna zuelako saltzaile bikote batek. Berritasun askorik ere ez da izana, gainera.
Plaza, hala ere, laster hasiko diren jai nagusietarako apainduta dago dagoeneko. Jaiak direla eta, hurrengo asteko feria astelehenera aurreratu da.
Muñoztarrak, 1970 inguruan hasitako ibilbidea
Erretiratzeko garaia iritsi zaie Vicente Muñoz eta Maria Luisa Mendizabal oliba saltzaileei, eta gaur izan dute azken eguna Ordiziako ferian. Aurrerantzean, Vicenteren anaia Teo eta horren emazte Txus Casao arduratuko dira postuaz, 1970eko hamarkadan bien aita Teodoro Muñozek irekitako bideari jarraipena emanez. Hurrengo ferian ez dute oliba postua jarriko, baina abuztutik aurrera, hortxe izango da berriz ere, Plaza Nagusiaren kanpoaldean.
Vicentek eta Maria Luisak bederatzi urtez izan dute oliba postuaren kargua. 1970 inguruan Teodorok abiatutako negozioan erreleboa hartu zion aurrerago haren koinata Juani Lopez Sanchezek, eta duela bederatzi urte hasi zen zaldibiar bikotea lan horretan.
Negoziaren lehen urteetan, olibak, lekaleak eta intxaurrak bezalako fruitu lehor batzuk saltzen zituzten, eta aurrerako gehitu zituzten gozokiak, gaurko eskaintza zabala osatu arte.
Ordiziakoaz gain, Beasaingo eta Zegamako feriak ere egin izan dituzte orain arte, eta Teok eta Txusek ere horrela jarraitzeko asmoa dute. Ordiziako jaiak direlako astelehenerako aurreratutako feriara ez dira joango hurrengo astean, baina abuztuaren 2koan bertan izango dira.
Berritasun gutxi
Agur eta ongi etorri honen ondoan, txiki geratu ziren atzoko berritasunak, batez ere gutxi izan zirelako. Aipagarrienetakoa aire libreko tomatea izan zen. Aramako Miren Jauregik eraman zuen, baina ale gutxi batzuk bakarrik, eta kiloa 4 euroan jarri zuen. Jack motakoa zen, baina ferian badira mota gehiago ere, Iñaki Intxaustik duen Aretxabaleta eta gerezi tomatea, esaterako, biak ekologikoak. Fruta honen kiloaren prezioa 4 eurotik 7 eurora bitartean dago.
Lekak ere mota askotakoak daude dagoeneko, aire librekoak gehienak. Hala, Intxaustik berak gorria edo Buenos Aires deritzana zuen ugari, baina Maria Jesus Oriak izan du aukera zabalena: gorria eta lisoa, igitaia eta borobil berdea eta morea.
Piperren atalean ere izan da berritasunik, Uzinen postuan hain zuzen: Gernika eta Landetako luzea zituen berriak, kiloa 8 euroan, Pipermina, berriz, ugari ikusten da, eta kiloa 10-12 euro artean dago.
Apioa edo perrexil hezea ere aipatu behar da, hasi delako berria. Iñaki Intxaustirenean zegoen salgai, baita beste postu batzuetan ere. Sorta euro batean zegoen.
Bestalde, ohi bezala Maite Zurutuzak lore sorta ederrak zituen salgai, bost euroan sorta. Oraingoan, daliak, gladioloak, agapanthusak, margarita txikiak eta fresiaren antzeko lore gorri eta horiez osatutakoak zituen.
Perretxikoen artean, bertakoak
Perretxikoetan, azkenik, hauxe izan da gaurko feriako eskaintza, guztira: 80 kilo ziza (10-30 euro artean kiloa), 57 ziza hori (15-18 euro), 20 kilo gibelurdin (20-30 euro) eta 19 kilo onddo (30 euroan).
Aipatu behar da ziza horien eta gibelurdinen artean bertakoak zirela nagusia, eta plaza barruan Axun Etxeberriak eta Arantxa Lopetegik ere bazituzten salgai kilo batzuk.