Sufrikarioa emakumeen azaletik
Olaberriko Oroimen Historikoaren Egunean emakumeen sufrimendua eta «zigor bikoitza» gogoratu dute. Saturrarango kartzelaren itzala norainokoa den azaldu dute.
Ane Garmendia dantzaria Bujanda eta Lasa Plazako plaka loratuaren aurrean Agurra egiten. // Argazkia: Aimar Maiz Uztailaren 18a atzo, beste garai batean bestelako konnotazioa zuen data, Olaberriko Oroimen Historikoaren Eguntzat gogoratu dute Olargi taldeak eta udalak. Ostiral iluntzean egin zuten aurtengo ekitaldia, bereziki emakumeek jasandako errepresio politiko-sozialean eta sufrimenduan arreta jarrita.
Udaletxeko ganbaran, Debekatuta dago oroitzea dokumental emanaldiak eman zuen ekitaldiarentzat mamia. Audioa justukoa izan arren, Saturrarango kartzela zer izan zen, han preso egon ziren 4.000 emakumeri zer kalte suposatu zien (116 hil ziren, baita 57 ume ere), eta errepresio frankistaren mekanismoak ikusi eta entzun ahal izan ziren. Aitor Furundarenak Mendian gora haritza-ren bertsio bat joz hasi zen ekitaldia.
Valentina Ruedaren bizitza

Juana Santana, erdian, bi ahizparekin; Valentina Ruedaren bilobak. // Argazkia: Aimar Maiz
Juana Santana olaberritarrak kontatu zuen haren amona Valentina Ruedak bai Saturraranen, bai aurrez Alaejos jaioterrian (Valladolid, Espainia) jasan zituenak, errepublikazalea izateagatik. Hunkituta hitz egin zuen, Olargiko Belen Parrak elkarrizketatuta. Lore sorta bat oparitu zion Jokin Garmendia alkateak, udalaren izenean.
Olargiren izenean, Marijose Intsaustik hartu zuen hitza: «Jakina da erregimenaren ideiekin bat ez egiteak zigor ikaragarria ekartzen zuela, eta zigorra bikoitza bihurtzen zen emakumeentzat, emakume izate hutsagatik». Hargatik, gerrako eta gerra osteko emakume olaberritarrak ekarri dituzte aurten gogora, oroimen eguna baliatuz.
Espetxeraturik izan ez bazen ere, beste mota bateko erasanak jasandako kasuak dokumentatu ditu Olargik. «Hemen ere kalbario itzelak pasa zituztela badakigu. Zapalkuntza, errespetu eza, mespretxuak, era guztietako abusuak…». Francisca Zeberio, Maria Lasa, Julia Domaika eta Faustina Arratibelen kasuak aipatu dituzte, burua zuritu eta herriaren aurrean erabili zituztenak, jendearen isekak jasateko, oztopo gehiagoren artean.
Udalaren izenean, Irene Irastortza zinegotziak –hura izango da agintaldi honetan Olargirekin zubi-lana egingo duena–, «oroimena eraikitzeko» ahalegina beharrezkoa dela aldarrikatu du. «Memoria bera ez da objektiboa, eraiki egiten da. Memoria justu bat eraikitzeko ahalegina egin behar dugu».
Omenaldia errepresaliatuei
Ekaitz Goikoetxeak hiru bertsorekin jantzi zuen ekitaldia. «Nahiz ta ordutik ia ehun, urtera gauden gu, min hau oraingoa da, ta min ematen du» bukatu zuen lehen bertsoa; «inor ez dago libre, preso izatetik» bigarrena, eta «ez ahazteko modu bat, gogoratzea da» azkena. Furundarenak lagundu zion soinuarekin.
Bukatzeko, Bujanda eta Lasa Plazan, Olaberriko errepresaliatuei omenaldia egin zieten. Krabelin gorri bana plaka aurrean utzi, eta Ane Garmendiak aurreskua dantzatu zuen.













