Etenik gabeko Santa Ana festak
Santa Ana festak jarraian izango dira aurten, atseden hartzeko ia tarterik gabe. Kimetz Emakumeen Elkarteko kideek eta Ordiziako Txistulariek botako dute txupinazoa.
Ate joka daude Ordiziako Santa Ana festak. Dagoeneko jai-giroa nabari da herrian, eta herritarrak festen esperoan daude. Aurtengo Santa Ana jaiek ez dute etenik izango, haurren asteburua amaitu eta astelehena jada uztailaren 24a izango delako. Egun horretan hasiko dira ofizialki Santa Ana festak, uztailaren 27ra arte. Aurretik, baina, haurren asteburua ere ekitaldiz beteta dator, ohi bezala.
Umeen asteburua baino lehen, gaur, bi ekitaldi nagusi izango dira. 40. kuadrillen arteko saskibaloi txapelketaren finala jokatuko dute Tzulo eta Mokela taldeek, 19:30ean. 19:00etan, gainera, Ordiziarrock-ek antolatutako Bluestuntza musika jaialdia izango da, Otatza plazan. Bihar, festen aurreko egunez, bizi-poteoa egingo da, Txosnagunetik hasi eta Ordiziako auzo ezberdinetako tabernetatik igarota, bizikleta gainean. Ordiziako 69. boxeo jaialdiak boxeo zaleak bilduko ditu 22:30etik aurrera Beti Alai frontoian. Aurten, berritasun modura, hiru goierritar izango dira amateur mailako borrokaldietan. Frontoi kanpoaldean, 00:30ean, Eh Mertxe, Kristonak eta DJ-Lezzen kontzertuak izango dira.
Txikien egunak
Larunbateko lehenengo ekitaldia jaioberrien zapi-janztea izango da, 10:00etan. Eguerdian, txupinazoaren jaurtiketarekin hasiko dira umeen asteburuko ospakizunak. Txikien kuadrillentzako bazkari herrikoia egingo da Plaza Nagusian. Urezko txirrista, buruhandi eta erraldoiak edo Burrunbazale txarangak girotutako kalejira izango dute. Gauean, 14 urtetik beherako haurrentzako mozorro dantzaldia egongo da frontoian. Igandea, berriz, danborrada eguna izango da. 19:00etan irtengo dira Buztuntzatik danborrero, barrilero eta gainontzeko parte hartzaileak. Plazan amaituko da.
Bi elkarteren txupinazoa
Aurrez ere Santa Ana festak ospatzen ibiliko dira hala ordiziarrak, baina jaien hasiera ofiziala astelehenean egingo da. Asteazkeneko azoka astelehenean izango da, asteazkenean agintarien soka-dantzak hartuko baitu plaza. Txupinazoa bota aurretik, San Jose Egoitzako egoiliarrak bisitatuko dituzte udal agintariek. 12:00etan botako da suziria udaletxetik. Aurten bi elkarte izendatu dituzte txupinazorako. 30 urte bete dituen Kimetz Emakumeen Elkarteko kideak eta 50. urteurrena duten Ordiziako Txistulariek botako dute txupina. Eguerdian euskal presoen aldeko bazkaria izango da txosnagunean, eta gauean, helduen danborrada.
Goizaldean mozorrotuta
Astearteko egitaraua goizean goiz hasiko da, errondailaren ohiko goiz-eresiarekin, gaua luzatu dutenekin bat eginez. 10:00etan, profesionalen nazioarteko 100. Ordiziako Klasika hasiko da. Ehungarren urtea dela eta, Gudarien Etorbidean izan beharrean, Garagartza plazan helmugaratuko dira ziklistak, 14:00ak aldera. Arratsaldean Luze edo Motz ikuskizuna eskainiko dute Mirari Martiarena eta Idoia Torregaraik, euskara eta generoa umore gai hartuta. Iluntzean, lehenengo karrozak eta karpak muntatzen hasiko dira kuadrillak, eta lehenengo mozorroak ikusiko dira. Asteartetik asteazkenerako gau horretan ohiko goizaldeko danborrada egingo da, mozorrotuta.
Santa Ana eguna
Herriko zaindariaren eguna da uztailaren 26a, Santa Ana eguna, alegia. Eguerdian soka-dantza dantzatuko dute udal agintariek, Plaza Nagusian, eta Irungo Musika Bandak kontzertua egingo du gero. Pilota partidak, txaranga eta kalejira izango dira, baina hainbeste egunen ostean, zerbait deskantsatzeko eguna izango da askorentzat, festetako azken egunaren aurretik.
Kuadrillen eguna
Haurren asteburuaren aurreko ekitaldiak kontuan izan gabe, sei eguneko festa-astea izango dute jarraian ordiziarrek. Uztailaren 27an amaituko dira Santa Ana festak, betiko legez. Santanazaleen eta kuadrillen eguna ospatuko dira. Santanazaleen esku-dantza 1509tik egiten da, eta tradizioa da ezkonberri askorentzat. Kuadrillak blusa koloretsuak jantzita irtengo dira kalera. Kuadrillen irteerako txupinazoa bota ondoren, elkarrekin bazkalduko dute, gaualdera arte, jai luzeei amaiera emanez.