Inoiz baino txirrindulari gehiagok parte hartuko dute Ordiziako 100. Proban
Michael Matthews, Simon Carr, Julien Simon, Juan Ayuso edota Oier Lazkano izango dira uztailaren 25an Ordiziako txirrindularitza probaren 100. edizioan. Hogeita hiru taldek parte hartuko dute.
Inoiz baino txirrindulari gehiagok parte hartuko dute uztailaren 25ean Ordiziako 100. Txirrindularitza Proban. Iaz, 2022an, 100 urte bete ziren lehendabiziko aldiz proba antolatu zuela Txapel Gorri Elkarteak, eta 99. proba izan zen. Aurtengoa, ordea, 100. edizioa izango da. Ohi bezala, punta-puntako txirrindulariak bilduko ditu karrerak, baina aurten talde eta txirrindulari kopurua handiagoa izango da.
Gaur eguerdian egin dute probaren aurkezpena Txapel Gorri Elkartean, Jose Luis Sanz-ek (Txapel Gorriko kidea eta antolatzailea), Jon Ander Caballerok (kirol zinegotzia), Goizane Alvarezek (Aldundiko kirol zuzendaria), Adur Ezenarrok (Ordiziako alkatea), Gorka Iturriagak (Jaurlaritzako kirol zuzendaria), Joseba Larrartek (Diario Vasco) eta Patxi Garmendiak (Txapel Gorriko presidentea).
Guztira 23 taldek parte hartuko dute proban: UCI World Teams-eko bost taldek, UCI Pro Teams-eko bederatzik, eta UCI Continental-eko beste bederatzik. Jose Luis Sanz Txapel Gorriko kide eta antolatzailearen esanetan, “inoiz ez” da horrelako parte-hartzerik izan. “161 txirrindulari dauzkagu oraingoz. Bezperan, beti egoten da bajaren bat, baina 150 txirrindularitik gora izango ditugu”, nabarmendu du. Bost kontinenteetako txirrindulariak izango dira, 30 herrialde ezberdinetakoak.
Aipatzeko izen batzuk
Ordiziako Probaren beste edizio batzuetan irabazleak izan diren bi txirrindularik parte hartuko dute: Julien Simon-ek 2011n irabazi zuen eta Simon Carr-ek 2020an. Biak izango dira uztailaren 25ean Ordizian. Michael Matthews-ek ere parte hartuko du. Frantziako Tour-ean, Espainiako Vueltan, Italiako Giroan, Paris-Nizan edo Itzulian garaipenak lortutakoa da. Simone Velasco, Oier Lazkano, Francesco Gavazzi, Ivan Ramiro Sosa, Ben Healy… puntako ziklistak egongo dira. Sanzek Juan Ayuso-ren partaidetza azpimarratu du: “Etorkizun handiko txirrindularia da”. 2021ean bigarren egin zuen Ordizian, 18 urterekin.
Bi goierritar ere izango dira astearteko proban: Mikel Mujika legazpiarra eta Xabier Berasategi olaberritarra.
Ordiziari lotuta
100 urteko proba izanik, ordiziarrentzat Santa Ana festetako kirol ekitaldia izan da urtez urte. Herriak eta probak duten lotura hori aipatu du Adur Ezenarro alkateak: “Ordiziako jaietan gure historiako parte da, ordiziarrok gure DNAan dugun karrera da”. Antolatzaileek zein sustatzaileek 100 urtez horrelako proba bat antolatzearen atzean dagoen lana nabarmendu dute, eta eskerrak eman dizkiete kolaboratu duten erakundeei, enpresei, saltokiei, partikularrei eta boluntarioei. “100 urte betetzea zaila bada, are gehiago hainbeste esfortzu behar duen horrelako proba batentzat”, esan du alkateak.
Mundu mailako txirrindularitzaren bost monumentuetako irabazle ezberdinek parte hartu dute Ordiziako Klasikoaren 100 urteetan. Patxi Garmendia Txapel Gorriko presidentearen hitzetan, “txirrindularitzaren historian sartzen da” Ordiziako Proba, eta horrek “umiltasunez, baina harrotasunez eta pozez betetzen” ditu.
Liburua eta helmuga ezberdin bat
Mendeurrena izango denez, parte-hartze kopuruaz gain, beste berritasun bat izango da proba egunean. Irteera ohi bezala Gudarien Etorbidean izango da, 10:00etan, baina Ordizia Kalean helmugaratuko dira txirrindulariak, Txapel Gorri elkartea dagoen Garagartza Plazaren ondoan. Sari banaketa, aldiz, Barrena kultur etxe kanpoan egin ordez, Plaza Nagusian egingo dute. Horrez gain, probaren historia bilduko duen liburua prestatzen ari dira, euskaraz eta gazteleraz, 500 orrialde ingurukoa, eta Euskal Jaietan argitaratzea aurreikusi dute.
Streaming bidez jarraitu ahal izango da proba, Ordiziako Klasika-ren Youtube-ko kanalean.