Larunbatean II. Akelarre Eguna eta XVIII. Gazte Eguna egingo dituzte
Santa Ana festetako haurren asteburuko larunbata kuadrila txikien eguna izan ohi da, baina baita gazteen eguna ere. Aurten, XVIII. Gazte Eguna egingo dute herriko gazteek txosnagunean. Kamixeta bera soinean, izena eman dutenek elkarrekin bazkalduko dute.
Ez da, baina, gazte egun bakarra izango. Ordiziako GKS Gazte Koordinadora Sozialistak ere bere gazte eguna antolatu du. Elkarrekin bazkaldu ondoren, elektrotxaranga izango da. 17:00etan, Moddy.19 eta V1-ren kontzertuak izango dira, 18:00etan Iltze-rena, 20:00etan DJ NLezz X Annier ariko da, eta 21:00etan, Izzi Rainbow & AS04. Kontzertuen artean, 19:00etan, kirol ikuskizuna izango da.
Bigarren urtea
Akelarre Egunaren bigarren urtea izango da. Iaz antolatu zuten lehen aldiz egun hori Osiñe Talde Feministak eta Ordiziako Koordinadora Feministak, eta aurten ere heldu diote egunari. 12:30ean poteoa egingo dute Sugaaren hasita, eta 13:30ean txupinazoa botako da Fray Andres-etik. Osiñeko kideek taldearen manifestua irakurriko dute. Ondoren, elkarrekin bazkalduko dute, Tximista sagardotegian. Kirkil eta Sugaar tabernetan erosi daitezke tiketak, 25 euroan.
Osiñek eta herriko koordinadora feministak, Kimetz Emakumeen elkartearekin, elkarretaratzea deitu dute gaur, 19:00etan, Plaza Nagusian, erasorik gabeko festak aldarrikatzeko.