Legazpi Hiria argazki lehiaketako edizio berri bat jarri du martxan Ikatzak
Irailaren 17ra arteko epea dago lanak aurkezteko. Estatu mailako lehiaketa da, eta gaia, librea.
Ikatza argazkilari elkarteak irailaren 17an itxiko du aurten Legazpi Hiria argazki lehiaketara lanak aurkezteko epea. Hau 24. edizioa da, eta ohi bezala, estatu mailakoa izango da eta Euskal Herri mailan hain entzutetsua den Argizaiola sarirako puntuagarria.
Iaz bezala, aurten ere modalitate bakarra jarri dute oinarrietan, eta argazkilariek gai libreko argazkiak aurkeztu ahal izango dituzte, editatuak edo editatu gabeak, eta koloretakoak edo monokromoak.
Legazpi Hiria irabazten duenak 400 euro jasoko ditu. Bigarren eta hirugarren sariak ere izango dira, 200 eta 100 eurokoak hurrenez hurren, eta herriko saria ere bai, hori ere 150 eurokoa. Juan Mari Burguera artistak egindako garaikur bana ere jasoko dute laurek, baita argazkiekin osatutako katalogo esklusibo bat ere.
Lehiaketaren oinarriei buruzko informazioa www.ikatza.net webgunean aurki daiteke.
Iaz, 135 lan
Iazko edizioan 45 argazkilarik parte hartu zuten, eta 135 lan aurkeztu zituzten guztira. Irabazlea Carlos Frias Perez izan zen, Nire alaba izeneko argazkiarekin, bigarren sailkatua Jose Ramon Luna de la Osa eta Ziurtasunik eza lana izan zen; eta hirugarren postuan Mario Pereda Berga sailkatu zen, Lainoa argazkiarekin. Herriko saria Javier Alonso Vicenterantzat izan zen, A little kiss lanagatik.
Urriaren 7an banatu zituzten sariak, Kultur Etxean egindako ekitaldi batean, eta Batis Goikoetxea argazki rallyko sarien banaketarekin batera. Aurten ere irailean egingo da argazki rally hori.