San Ignazio jaietako egitaraua prest dago, omenaldi eta guzti aurten
Uztailaren 28tik 31ra bitartean ospatuko dira .Festak urteetan antolatu dituen Beti Gazte elkarteko Andoni Zabaleta eta Igor Iñurritegi gogoratuko dituzte bi ekitaldirekin
Aste bete geratzen da oraindik, baina San Ignazio auzoan festa usaina nabaria da. Beti bezala, auzoko zaindariaren egunaren bueltan ospatuko dira, uztailaren 28tik 31ra bitartean. Jai egitaraua prest dago, eta ohiko ekitaldiez gain, omenaldietarako tartea ere izango da aurten.
Izan ere, urte askotan festen antolakuntzaz arduratu den Beti Gazte Animakzio Elkarteko bi kide gogoratu nahi ditu jai batzordeak, udaberri honetan hil ziren Andoni Zabaleta eta Igor Iñurritegi. Horiei, eta auto istripu berean hil zen Pau Alsinari ekitaldi para bat eskaini dizkiete aurtengo jaietako egitarauan.
Beti Gazte antolatzen, 2019ra arte
Buskabaso auzo elkarteari hartu zion erreleboa Beti Gaztek jaien antolakuntzan, desagertzeko arriskuan zeuden unean, eta dozena bat urte egin zituen horretan. 2019an Gazte Asanbladak hartu zuen ardura. Aurten, txosnetakoak, Beti Gaztekoak eta herriko Mugimendu Sozialistako kideak jai batzordean bildu eta egitaraua osatu dute, udalaren eta auzoko Muruazpi elkartearen laguntzarekin.
Ohi bezala, bi festagune nagusi izango dira San Ignazion, goiko plaza eta beheko plaza, eta bi guneetan jarriko dituzten txosnen inguruan banatuko dira ekitaldi gehienak. Haurrentzako eta jubilatuentzako jarduerak, jatekoa eta edatekoa, kirola eta musika izango dira osagai nagusiak.
Oholtza eta Korosti Bete Bihotz
Egitarau horretan, Oholtza Bete Bihotz eta Korosti Bete Bihotz ekitaldiak nabarmendu behar dira, Andoni, Iñurri eta Pau gogoratzeko izango direlako.
Oholtza Bete Bihotz ostiralean izango da, eta musika gau berezia eskainiko du. Hasteko, Pauren Castellsera herriko (Herrialde Katalanak) Llordes punk taldea arituko da, eta ondoren John Dealer & The Coconuts taldeak bertsio kontzertua egingo du, Noi del Sucre eta Los Muertos de Cristo taldeen abestiak joz. Bi talde horietako abeslaria izan zen Lorenzo Morales berak ere parte hartuko du emanaldi honetan. Omenaldi kontzertua ixteko, Elbereth izango da, eta taldekideen lagunak ziren Andoni eta Igor omentzeko prestatu duten abestia joko dute.
Musika hasi aurretik, Andoaingo ADI Soinua enpresari esker argazki proiekzioa egingo dute, Urbeltz pilotalekuan bi legazpiarrei egindako agurreko irudiak ere emanez.
Korosti Bete Bihotz, berriz, Eufemiano Iturri mendi bizikleta eta oinezko igoeraren kartelari emandako izena da. Proba larunbatean izango da, hilaren 29an, 18:00etan hasita, eta izenak eman daitezke dagoeneko Karibe Zaharra eta Maiatza tabernetan, baita karteletako Qr kodearen bidez ere. Egunean bertan ere izango da aukera, irteera puntuan.
Paella solidarioa
Bestalde, Saharako errefuxiatuek izango dute aurten ere bere tokia auzoan, eta larunbateko paella afariarekin ateratako dirua haiei bideratuko zaie. Paella errazioa, edaria eta postrea, eta bingorako kartoia 6 euroan izango dira, eta tiketak gaur bertan jarriko dituzte salgai Karibe Zaharra eta Maiatza tabernetan.
SAN IGNAZIO JAIAK
Uztailak 28, ostirala
19:00. Txupinazioa, buruhandiak eta txistorra pintxoak.
20:00. Tortilla patata lehiaketa eta sari banaketa.
23:00:.Oholtza Bete Bihotz kontzertua: Llordes Punk, John Dealer & The CocOnuts, eta Elbereth, beheko plazan.
00:00. Emaion eta Bass Again Soinu Sistema, goiko plazan.Uztailak 29, larunbata
17:30. Puzgarriak, parkean.
18:00. XIV. Eufemiano Iturri mendi lasterketa.
19:00. Xaukena elektrotxaranga.
21:00. Paella solidarioa.
23:00. Akerren Seinale, Iltze eta DJ Bass&Dere, beheko plazan
00:00. Bide Batez, goiko plazan.Uztailak 30, igandea
08:00. Gaupaseroen argazkia.
18:30. Herri kirolak.Uztailak 31, astelehena
09:00. Goiz Deia txistulariak.
12:00. Auzoko jubilatuentzak luntxa, Muruazpi elkartean.
16:30. Mus txapelketa Muruazpi elkartean.