Uztalai udaleku irekiak amaitu dira
Uztail goizetan aisialdi ekintza ugariz gozatzeko aukera eskaini die Legazpiko Udalak 264 haurrei. Gaur izan dute azken eguna.
Legazpiko 264 haurrek gaur hartu dituzte benetako oporrak. Eskola amaitu ondoren Uztalai udaleku irekietan ibili dira, eta gaur izan dute azken eguna.
Aurten ez dute oso eguraldi onik izan, baina ekintza ugariez gozatzeko aukera izan dute, beti kalean, eta euskaraz: jolasak, eskulan tailerrak, bizikleta irteerak, igerilekua, San Fermineko entzierroa… Guztira 264 haurrek parte hartu, 23 taldeetan banatuta. Udalak 25 pertsona kontratatu ditu udaleku ireki horiek gauzatzeko: 24 begirale eta zuzendaria.
Haurrek eta begiraleek egin dute azken hiru asteetan bizitakoaren balorazioa, eta orain familien txanda dator, udalak galdetegi bat bidali dielako. Balorazio horiek kontuan hartu eta datorren urtera begira uztailean eskainitako aisialdi eskaintza hobetzea da helburua.
Uztalai udaleku irekietarako 31.800 euro erabili ditu Udalak.
ARGAZKIAK: Legazpiko Udala