Ehungarren aldiz jokatuko da gaur Ordiziako Proba historikoa
Helmuga Gudarien Etorbidetik Garagartza plazara eramatea izango da Ordiziako 100. Probaren berritasunetako bat. Gainontzean, ibilbidea azken urteetako bera da. Lasterketa HITZAren webgunean jarraitu ahalko da streaming bidez.
Lagun arteko proba baten izaerarekin jaio zen txirrindulari lasterketaren 100. edizioa gaur jokatuko da, ohiko ibilbidearekin, baina berritasun batekin. Txirrindulariek geltoki aldera egin beharko dute Tximista sagardotegiaren parean, eta Joseba Rezola pasealekua eta Juan Amezketa kalea zeharkatuta, Ordizia kalean izango du helmuga (%8ko malda), Garagartza plazan, Txapel-Gorri elkarte antolatzailearen egoitzaren parean.
Mende bateko ibilian asko eta asko izan dira Ordiziako karrerak izan dituen gorabeherak, eta meritu handia du 100. ediziora iristea ikusita zenbat lasterketa galdu diren inguruan denboraren joanean. Iraute horren erantzule nagusienetako bat Jose Luis Sanz da. Orain hirurogei urte hasi zen aitari laguntzen, eta aurten izango du azkena. Probaren antolakuntza batzordea utziko duen beste bat Migel Urteaga izango da.
Aldaketa asko ezagutua
Ordiziako Probaren lehen hiru edizioak amateur mailakoak izan ziren. 1925ekoa izan zen lehen aldiz profesional mailakoa –Gran Carrera izenarekin–, Club Deportivo Santa Ana antolatzaile zela. 1936ko eta 1937ko edizioak ez ziren jokatu 36ko Gerra dela eta, eta Txapel-Gorri elkartea 1944an azaltzen da lehenengo aldiz antolatzaile ofizial modura – 60ko hamarkadan Boxing elkartea ere bai–.
Hasierako urte haietan Urdaneta kalean, Zubizarreta Hotelaren parean, egon ohi zen helmuga, eta 1961an etorri zen aldaketa, irteera eta helmuga Gudarien Etorbidean jarrita. 1973an eta 1974an, berriz, Altamira estadioa izan zen bilgunea. Eta aldaketa gehiago ere izan ditu.
Interneten ikusteko aukera
Ordiziako Proba abiatzen den momentutik helmugara arte streaming bidez ikusteko aukera izango da egunkari honen edizio digitalean (goierri.hitza.eus).
Kontzentrazioa eta sinatzea. 08:45-09:45. Barandiaran plaza.
Irteera. 10:00. Gudarien Etorbidea.
Ibilbidea. 165 kilometro. Abaltzisketa bost aldiz (10:29, 11:13, 11:57, 12:47 eta 13:36) eta Altzo bi aldiz (12:31 eta 13.22).
Helmuga. 13:50-14:00. Garagartza plaza.
Taldeak. 23 talde. UCI World Team (5), UCI Pro-Team (9), UCI Continental (9).
Faboritoak. Juan Ayuso, Michael Matthews, Simone Velasco, Oier Lazkano, Ben Healy…
Goierritarrak. Xabier Berasategi olaberritarra, Xabier Isasa urretxuarra eta Mikel Mujika legazpiarra.