Marc Hirschik irabazi du Ordiziako 100. Proba
Ben Helay irlandarrari nagusitu zaio Ordizia kalean jarritako helmugan. Lasterketa buru zihoazen Oier Lazkano eta Juan Ayuso erori egin dira 500 metroren faltan. Xabier Isasa urretxuarra izan da eguneko ihesaldiaren protagonista.
Marc Hirschi (UAE) suitzarrak irabazi du Ordiziako 100. Proba, Ben Healy irlandarra (Education First) izan da bigarren eta Juan Ayuso kataluniarra hirugarren (UAE) -2021ean bigarren eta iaz laugarren izana–. Suitzarrak 3.49.33ko denbora behar izan du ibilbidea osatzeko. Euripean jokatu dute mendeurreneko proba 152 txirrindulariek kilometrorik gehienetan.
Juan Ayuso eta Oier Lazkano arabarra (Movistar Team) –egungo Espainiako txapelduna– nabarmendu dira azken kilometroetan, bai Abaltzisketako azken igoeran zein jaitsieran, baina 900 metroren faltan Hirschik eta Healyk harrapatu egin dituzte. Lasterketaren bi txirrindulari indartsuenak izan diren Ayuso eta Lazkano erori egin dira 500 metroren faltan, eta irlandarraren aurkako azken esprintean suitzarra nagusitu da.
🇪🇸 #100PruebaVillafranca
— (Laura MT)🚲 (@lauramtaberner) July 25, 2023
Marc Hischi del @TeamEmiratesUAE se impone en un final accidentado con caida de Juan Ayuso y Oier Lazkano. @highcycling_ pic.twitter.com/KfyodmgPgC
Xabier Isasa urretxuarra eguneko ihesaldian
Lasterketa hasi eta berehala sortu da eguneko ihesaldia. Hamar txirrindularik egiten dute ihes, tartean Xabier Isasa urretxuarrak (Euskaltel). Harekin batera, honakoak: Vinicius Rangel (Movistar), Josu Etxeberria (Caja Rural), Alessandro Fancellu (Eolo kometa), Chad Haga (Human Powered), Joseph Rosskopf (Q36), Fabio Oliveira (Feirense), Jose Mendes (Victoris Sports), James Jobber (Eurocycling) eta Atsutsi Oka (Team Ukyo).
Hamar txirrindulariek elkarrekin egin dituzte ibilbideko lehen bi pasaerak –lehenengoan Isasa aurrena Abaltzisketan eta Rangel bigarrenean, eta Ordiziako bi tarteko helmugak urretxuarrarentzat–, baina hirugarren igoeran Euskaltelekoak eta Atsutsi Okak aurrera egin dute, eta biek bakarrak pasa dira Ordiziatik eta Altzotik, baina ez Abaltzisketako laugarren igoeratik,UAEk gidatutako tropelak harrapatu baitu.
Ayusok eta Lazkanok txirrindularirik indartsuenak zirela erakutsi dute azken igoeran, baina zoritxarreko erorikoa izan dute helmugatik gertu, eta garaipena lehiatzeko aukerarik gabe geratu dira.
Hiru txirrindulari goierritarrek parte hartu dute Ordiziako 100. Proban: Xabier Isasa urretxuarrak, Xabier Berasategi olaberritarrak eta Mikel Mujika legazpiarrak. Eta kirol zuzendari modura beste bi aritu dira: Xabier Muriel zaldibiarra (Movistar Team) eta Pello Olaberria mutiloarra (Euskaltel).